Nafarroako herritarrek toki-erakundeak dituzte hobe baloratutako administrazioen artean, ematen dituzten zerbitzuei dagokionez: inkestatuen % 65,5 “nahiko” edo “oso” asebeteta dago (% 50,4 nahiko eta % 15,1 oso asebeteta). Hain baikorrak ez diren balorazioak ordea (“gutxi” edo “batere” asebeteta), % 34,5 dira (% 28,6 gutxi eta % 5,9 batere asebeteta). Horren ondotik Nafarroako Gobernua da hoberen baloratu dena % 61,9ko asebetetze-mailarekin eta, azkenik, Estatuko Administrazio Orokorra % 48,5ekoarekin.

Balorazio horiekin batera, inkestak toki esparruaren funtsezko elementu bat berretsi du: hurbiltasuna. Udalak dira, halaber, herritarrekin harremanetan sarriago dauden administrazioak. Azken 12 hilabeteetan, inkestatuen % 54,2k adierazi du bere udalarekin behin gutxienez harremanetan jarri dela: % 41,1 behin eta 3 aldiren artean jarri zen harremanetan, % 10,3 4 eta 10 aldiren artean eta % 2,8 10 aldiz baino gehiago. Nafarroako Gobernuari helduta, % 50,5era murrizten da datu hori eta Estatuko Administrazio Orokorraren kasuan % 26,8an kokatzen da.
Datuak Nafarroako Gobernuko Analisi eta Prospektiba Bulegoak (APB) egin ‘Herritarrek Nafarroako erakundeen eta zerbitzu publikoen inguruan duten pertzepzioari eta konfiantzari buruzko inkestaren’ bigarren zatitik hartuak dira. Ikerketak bere helburuen artean du Nafarroako herritarrek Foru Komunitateko erakunde eta zerbitzu publikoen gainean duten legitimitatea eta konfiantza aztertzea, politika publikoen zutabe izateagatik eta, gainera, herritar horiek zerbitzu horien funtzionamendua ikusteko duten moduaren gaineko ikuspegi orokorra ematea.
Zerbitzu publikoen balorazioa
Oro har, inkestak erakusten duena da hamar pertsonatik zazpik (% 70,7k) positiboki baloratzen duela Nafarroako administrazio publikoen funtzionamendua eta hezkuntza, garraio publikoa eta herritarrekiko arreta direla hobeto baloratutako zerbitzuak. Osasuna eta, bereziki, etxebizitzako politikak dira aldiz, okerren baloratutakoak.
Adin-tarteei erreparatuta, alde esanguratsuak daude eta adinak gora egin ahala, balorazio positiboak behera egiten du. Hori horrela, gazteenek (18 eta 29 urte artekoek) % 84,3ko balorazio positiboa dute eta, ondoren, 30 eta 44 urte bitartekoek % 71,9koa erakusten dute bataz bestekoarekin lerrokatuago egonik. Azkenik, 45 eta 64 urte bitarteko taldeak % 67ko balorazio positiboa du eta 65 urtetik gorakoak berriz, % 66,3koa.
Inkestatuen jaioterriari helduta, Nafarroatik kanpo jaiotakoek administrazioaren funtzionamenduaren inguruan egindako balorazioa gure komunitatean jaiotakoena baino positiboagoa izan da. Beste herrialde batean jaiotakoak % 84,7ra iritsi dira, eta, jarraian, beste autonomia-erkidego batekoak (% 69,8) eta Nafarroan jaiotakoak (% 67,7) daude. Alde horren azalpena izan daiteke Nafarroatik kanpo jaiotako pertsonek beste administrazio eta funtzionamendu batzuk ezagutu dituztela, eta, biak alderatuta, foru administrazioak balorazio positiboagoa lortu duela.
Inkesta garatzeko Sigma Dos enpresak telefono bidez egin die inkesta Nafarroan 18 urteko edo hortik gorako 1.600 pertsonari, APBk egindako galdetegia erabilita.
Inkestaren datu guztiak hemen ikusgai:
Herritarrek Nafarroako erakundeen eta zerbitzu publikoen inguruan duten pertzepzioari eta konfiantzari buruzko inkesta (2025) – II. zatia
Irudian, Vianako Udala.