Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak Concejo aldizkariaren 2025eko abenduari dagokion 406. zenbakia argitaratu du. Aleak toki esparruaren erronka nagusietako batzuk jorratzen ditu eta arreta berezia eskaintzen dio ondare publikoaren defentsari, bide segurtasunari, udal plangintzari eta toki-erakundeen digitalizazioari.
Abenduko zenbakiak Nafarroako toki administrazioa modernizatzen erreferente den ANIMSA enpresa publikoaren 40. urteurrena du ardatz. Txosten zabal batean, aldizkariak ANIMSAren ibilbidea berrikusten du 1985etik hasita eta 360 toki-erakunde baino gehiagoren kide teknologiko gisa duen egitekoa nabarmentzen du, lurralde kohesioa eta udalerri handi eta txikien artean administrazio elektronikoaren, euskarri teknikoaren eta prestakuntzaren arloetan aukera berdintasuna bermatzen laguntzen duela azpimarratuz.

IRAKURRI HEMEN CONCEJO 406 ALDIZKARIA
Federazioari berari dagokionez, Concejok abenduaren 12an izandako NUKFren Batzarrari ere heltzen dio. Bertan, 2026rako lehentasun estrategikoak onetsi ziren. Despopulazioa, etxebizitza, berdintasuna, herri ondarearen eta publikoaren defentsa eta udal kudeaketari laguntza ematea dira Federazioaren ardatz nagusiak eta horiek lantzeko 1,5 milioi euroko aurrekontu finkatua izango du Erakundeak datorren ekitaldian.
Beste gai nagusien artean dago, halaber, NUKFk eta Nafarroako Gobernuak sustaturiko Elizak immatrikulaturiko herri ondasunei buruzko ikerketa. 26 toki-erakunderen 174 ondasunei buruz egindako ikerketaren arabera, ondasun horien ia erdien kasuan titulartasun publikoa aitortzeko eska liteke, udal eta kontzejuek beren ondare historikoa eta herrikoa defendatzeko duten egitekoa indartuz.
Aldizkariak bestalde, Mugikortasun Seguruari eta Jasangarriari buruzko Itunaren izenpetzearen berri ematen du. Itunaren bidez, erakundeek bideko ezbehar-kopurua murrizteko konpromisoa hartzen dute eta “Zero Ikuspegia” lortzekoa, hau da, heriotzarik gabeko eta zauritu larririk gabeko testuingurua lortzekoa. Horrekin batera, udalerriek klima aldaketaren alde erakutsitako geroz eta konpromiso handiagoaz ere aritzen da aldizkaria; dagoeneko, Klimaren eta Energiaren aldeko Alkateen Itunari atxikitako 226 toki-erakunderekin.
Argitalpenak bestelako edukiak ere jorratzen ditu abenduko alea osatzeko; besteak beste, toki finantziazioa, berdintasuna eta indarkeria matxistaren aurkako borroka, etxebizitza landa ingurunean, gobernantza kolaboratiboa eta toki garapeneko esperientziak. Amaierako erreportajeak Esa du hizpide, urtegiak eta Leireko monasterioak markaturiko herria izaki, ondarearen, nortasunaren eta tokiko etorkizunaren arteko orekaren adibide ere badena.
Concejo aldizkariaren 406. zenbakia formatu digitalean eskuratu daiteke NUKFren web-orrian eta Nafarroako hautetsi guztiei helarazi zaie Federazioak toki-erakundeei ematen dien informazio- eta komunikazio-zerbitzuaren barruan.