2021eko abenduak 17

Toki finantziazioaren eredu berria hizpide nagusia NUKFren Batzarrean

Foto noticia

Nafarroako Gobernuak ez zuen Toki Finantziazioaren eredu berria NUKFrekin negoziatu; alderdi politikoekin adostu zuen eta, behin erabakita zuela Federazioari aurkeztu zion. Hala ere, eredua arautuko duten legeen erredakzioa egiteko dago eta horretan, Federazioak parte-hartzea eskatuko du. Batzorde Betearazleak erabakiko du Federazioak egin beharreko lanetan toki entitateak nola artikulatu. Bestalde, Iruñeko Udalak toki entitateen babesa eskatu zuen hiriburutza agiria dagozkion funtsekin mantendu dadin.

Gai horiek guztiak agerian geratu ziren abenduaren 17an Federazioak eginiko Batzar Arruntean. Halaber, honakoak onetsi ziren: 2020ko kontuak (aldeko 52 boto eta 10 abstentzio), 2021eko kudeaketa txostena (aldeko 49 boto, 2 abstentzio eta 12 kontrako boto), 2022ko jarduketen programa (aldeko 48 boto eta 14 abstentzio) eta 2022ko aurrekontua (48 aldeko boto eta 14 abstentzio). Covid-19aren eragina ere nabarmena izan zen batzarrean bertaratze txikiagoa egon baitzen, zehazki, 63 entitate izan ziren bertan.

Finantziazio eredua

Gai-zerrendan adierazten zen moduan, Juan Carlos Castillo lehendakariak finantziazioaren ereduaren ezaugarri nagusiak azaldu zituen transferentzia arruntei eta kapital transferentziei dagokienez. Behin eta berriro argi utzi zuen Federazioak oraindik ez dituela bi transferentzia mota horiek arautuko dituzten lege-testuak eta, hortaz, ezin da ereduaren inguruko balorazio sakonik egin. Toki entitateek, bestalde, badute tartea, oraindik, zenbait gauza proposatzeko.

Horri loturik, Javier Solozábal Zangozako Mankomunitateko lehendakariak adierazi zuen halako legetan ez dela inoiz mankomunitateen finantziazioaz hitz egiten, inbertsioez haratago, eta galdetu zuen ea eredu berriak toki mapa berrantolatzeko legean diseinaturiko eskualdeei eragingo dien. Halaber, gaineratu zuenez, eredu berria definitzean Federazioak egingo dituen lanetan toki entitateek duten parte-hartzea zehaztu behar da.

Enrique Maya Iruñeko alkateak bestalde, Federazioaren babesa eskatu zuen Iruñeko Hiriburutza Agiria indargabetu ez dadin eta nabarmendu zuenez, udal batzuei formula berriak ez die hazkunderik ekarriko aurten. Adierazi zuenez, ez dira ezagutzen Gobernuak eredu berria egiteko erabili dituen ikerlan teknikoak, eta formularen zati batean erabilitako irizpideak politikoak dira.

Mariano Herrero Monteagudoko alkateak galdetu zuen ea Federazioak formularen zehaztasunen berri duen, azken zenbakiez haratago. Formula esplikatzea ezinbestekotzat jo zuen. Halaber, Zangozako Mankomunitateko lehendakariak Federazioak egin beharko dituen lanetan toki entitateen parte hartzearen inguruan esandakoa berretsi zuen.

Aranguren Ibarreko alkateak ordea, nabarmendu zuen formula gustatzen zaiola eta uste duela alkateen gehiengoak ere gustuko duela. Gogoratu zuen halaber, formulak toki entitate bakoitzak ematen dituen zerbitzuak barne hartzen dituela.

Bestalde, David Álvarez Castejongo alkateak eskatu zuen ez erabiltzeko Federazioa Nafarroako Gobernuarekin konfrontazioa sustatzeko eta, funtsen banaketari dagokionean adierazi zuen, finean, garrantzitsuena entitateek kopuru egokia eta nahikoa jasotzea dela.

Noain Elortzibarko alkateak berriz, baieztatu zuen toki entitateek jasoko dituzten kopuruak benetan ematen duena baino txikiagoak izango dira.

Azkenik, Antsoaingo alkateak ereduaren bertuteak nabarmendu zituen eta esan zuen kontua ez zela Iruñearen eta gainontzeko entitateen arteko eztabaida sortzea.

Horri loturik gogoratu behar da 2022an banaketa sistema berriarekin soilik Iruñeak 2021ean baino gutxiago jasoko duela.

Bestelako gaiak

Jose Ignacio Urra Iguzkitzako alkateak adierazi zuen Animaliak Babesteari buruzko Foru Lege berriak udalei eskumen batzuk esleitzen dizkiela baina udalak ez daudela eskumen horiek edukitzeko prestaturik.

Iruñeko alkateak gogorarazi zuen Klima Aldaketari buruzko Foru Lege berriak betetzen zailak diren eskakizunak ezartzen dituela; hala nola, 2030rako gas hornidura duten udalerrietako gasoliozko galdarak kentzea edota C motako etiketa udalerri guztientzat. Horri dagokionez, Federazioko lehendakariak gogoratu zuen Federazioak lege horri aldeko txostena eman zionean baldintza gisa jarri zuela Gobernuak halako aldaketak egiteko laguntza ekonomikoak ematea.

Hiriburuko alkateak, Animsako lehendakaria ere den aldetik, esan zuen halaber Toki Administrazioaren digitalizazioari dagokionean, ez duela ikusten Nafarroako Gobernua  digitalizazio hori sustatzeko lan handirik egiten ari denik eta uste du Gobernuak egin dituen proiektuak Foru Administrazioa bera digitalizatzera bideratuta daudela. Federazioaren lehendakariak erantzun zion Animsarekin izandako azken bileran, Gobernuaren jarrera aldaketa hizpide izan zutela eta datozen bileretan gaia zehaztuz joanen direla.

Moisés Garjón Oltza Zendeako alkateak berriz, hirigintza alorrean xedapenak erkidegoko egunkarietan argitaratzeko beharra aldatzeko eskatu zuen udalentzako kostu handia delako.

Bestalde, Rita Roldán Barasoaingo alkatea kexu zen Foru Administrazioak ez dielako udalerri txikiei erantzuten harengana jotzen dutenean, eta parke fotoboltaikoak jartzeko eskaeren aurrean arauak edo jarraibideak eskatu zituen.

Consuelo Ochoa Leringo alkateak aldiz, landa lurzoruan aisialdiko etxolak jartzeko araudiaren beharra adierazi zuen.

Volver arriba