2026ko maiatzak 12

Toki esparruak mugikortasun seguru eta jasangarriaren arloan dituen erronkei heltzen die Concejo aldizkariaren ale berriak

Argitalpenak, halaber, beste zenbait gai aztertzen ditu: toki esparruaren presentzia Foruaren Hobekuntzaren etorkizuneko eguneraketa batean, despopulazioari buruzko parte-hartze prozesuaren bigarren fasea eta herritarrek udalen inguruan duten balorazioa. Altsasuri buruzko erreportajea ere badakar

Foto noticia

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak CONCEJO aldizkariaren 408. alea, 2026ko apirilekoa, kaleratu du. Oraingoan, 2025-2030 aldirako Mugikortasun Seguru eta Jasangarriaren aldeko Nafarroako Itunari eskaini dio argitalpenak bere txosten nagusia. Bide segurtasuna, jasangarritasuna eta irisgarritasuna administrazio guztien erronka partekatu gisa ezartzen dituen estrategia da Ituna.

“Bizitzak salbatzeko itun bat” izenburupean, editorialak nabarmentzen du mugikortasun seguru eta jasangarria kalitate demokratikoaren, osasun publikoaren eta kohesio sozialaren adierazle zuzena bihurtu dela. Ikuspegi horretatik, helburu horiek praktikan aplikatzeko toki-erakundeek duten egitekoa azpimarratzen du aldizkariak, bereziki, espazio publikoaren diseinua baliatuz, oinezkoak eta txirrindulariak babestuz, ohiko ingurunean hobetuz eta bide segurtasuneko eta mugikortasuneko toki planak sustatuz.

Aldizkariko azken aleak, halaber, NUKFko lehendakari Xabier Alcuazen agerraldia biltzen du, Foruaren Hobekuntza eguneratzeko ponentzia parlamentarioan. Bere agerraldian, Federazioak toki esparruaren presentzia handiagoa eskatu zuen Nafarroako oinarrizko testu instituzionalaren balizko eguneraketa batean, udal autonomia eta lurralde kohesioa indartzeko bai eta udal eta kontzejuen errekonozimendua indartzeko ere, Foru Komunitatearen oreka instituzionalaren giltzarri gisa.

Aldizkarian nabarmentzekoak diren edukien artean dago ere bai despopulazioari buruzko parte-hartze prozesuaren bigarren fasea. NUKFk toki-erakundeekin batera aztertuko du etorkizuneko Despopulazioari eta Landa Garapenari buruzko Foru Legearen aurreproiektua, iaz egindako prozesuan udalek eta kontzejuek helarazitako eskaerak biltzen dituen ikusteko eta, hala badagokio, hobekuntza proposamenak egiteko.

Horretaz gain, aldizkariak inkesta baten berri ematen du, zeinean udalak Nafarroako herritarrek hobekien baloratutako administrazio gisa azaltzen baitira. Bildutako datuen arabera, hiru pertsonatik bik positibotzat jotzen ditu udal zerbitzuak, eta inkestatuen erdiek baino gehiagok bere toki-erakundearekin izapideren bat egin dute azken urtean; tokiko gobernuek duten hurbiltasuneko egitekoa berresten duena.

Aldizkariaren ale horren edukien artean, besteak beste, honakoak aurki daitezke: toki-erakundeetan adimen artifizialaren aplikazioa; ANIMSAk antolaturiko Udal Informatikako VI. Topaketak; udal esparruen energia kudeaketa hobetzeko gida praktikoa; Foru Administrazioaren eta toki-erakundeen arteko lankidetza osasun komunitarioaren arloan; eta 2026ko Aurrekontuei buruzko Txostena. Azken horrek azken berritasunak biltzen ditu aurten udal eta kontzejuetan eragina duten aurrekontuen, zergen eta araudiaren arloan.

Erreportajea berriz, Altsasuri eskainia dago, Sakanako eskualdeburu eta industriagune denari alegia, eta herria erroak bizirik mantentzen dituen udalerri kulturanitz gisa aurkezten du. Argitalpena borobiltzeko, ohiko prentsa berrikuspena, araudia, lankidetzak eta toki esparrurako interesgarriak diren argitalpenak biltzen dira.

Concejo aldizkariaren 408. alea dagoeneko eskuragarri dago NUKFko web-orrian: https://www.fnmc.es/wp-content/uploads/2026/04/CONCEJO-408.pdf)

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Volver arriba