2026ko ekainak 15

Toki-erakundeetan berdintasuneko politikak indartzeko hitzarmena berritu dute NUKFk eta Nafarroako Gobernuak

Hitzarmenak 70.000 euroko ekarpena aurreikusten du; NABIk 60.000 euro hartuko ditu beregain eta NUKFk berriz, 10.000 euro

Foto noticia

Nafarroako Gobernuak, NABI Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez, eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKF) elkarrekin duten lankidetza hitzarmena berritu dute toki esparruarekin lerrokaturiko berdintasun politikak lortzeko, toki esparrua funtsezko gunea baita berdintasun arloan eta indarkeria matxistaren aurkako borrokan eragiteko.

2026ko hitzarmena Patricia Abad NABIko zuzendari kudeatzaileak eta Xabier Alcuaz NUKFko lehendakariak izenpetu dute Iruñean, Federazioaren egoitzan. Bertan izan da, halaber, Javier Remirez lehenengo lehendakariorde eta Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria.

Aurten baterako lanerako aurreikusitakoen artean dago emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka egiteko toki-erakundeen Nafarroako sare baten sorrera sustatzen jarraitzea, eta bere antolakuntza eta kudeaketa ereduak definitzea. NABIren, NUKFren eta udaletako berdintasun teknikarien artean sortutako lantaldearen barruan egingo dute hori. Helburua da 2026an sarea egi bihurtzea, eta horretarako, sarearen estatutuak eta izaera juridikoa NUKFn nola txertatzen diren zehazteaz gain, funtzionamendu araubidea eta sarean parte hartzeko baldintzak definituko dituzte, berdintasun arloko ibilbide-orriarekiko koherentzia estrategikoari eutsita.

Etorkizuneko sare horri esker, toki-erakundeekin egiten den lana indartuko da, dauden baliabideak ordenatuko dira eta jarduketa esparru partekatu batean aurrera egin ahalko da berdintasunaren arloan eta emakumeenganako indarkeriaren prebentzioan, udalerri edo erakunde bakoitzaren errealitatea eta gaitasuna errespetatuta. Sarea abiatzearekin lortu nahi dena da koordinatzea, esperientziak trukatzea eta toki-erakundeei berdintasun politikak garatzen laguntzea.

Sarea sortzeko prozesua osatzen den bitartean, hitzarmenak aurreikusten duenez, NABIk eutsiko dio 5.000 biztanletik beherako toki-erakundeei berdintasuneko aholkularitza teknikoa emateari, erakundeek dituzten berehalako beharrei laguntza eta arreta ematen zaiela bermatzeko.

NABIk eta NUKFk, halaber, toki-erakundeetako teknikariei eta politikariei berdintasun arloko oinarrizko prestakuntza ematen eta kontratazio publikoan berdintasuneko baldintzak txertatzeari buruzko ikastaroak eskaintzen jarraituko dute. Ikastaro berriak, berezituagoak, sortzeko lanetan ere arituko dira, interesdun gehienek oinarrizko prestakuntzak egin dituztela kontuan harturik.

Era berean, ahalegin berezia egingo da toki politikan emakumeen lana balioesteko. Horretarako, adibide zehatzei zabalpena emango zaie eta emakumeen parte-hartze politikoa sustatuko da, 2027ko maiatzeko udal hauteskundeei begira.

Hitzarmenak 70.000 euroko ekarpena aurreikusten du; 60.000 euro NABIk hartuko ditu beregain eta NUKFk berriz, 10.000 euro, eta laguntza teknikoa, prestakuntza eta koordinazio jarduerak, eta hartutako konpromisoak gauzatzeko behar diren materialak ordaintzeko erabiliko da zenbateko guztia.

Lankidetza sendotu da toki-erakundeekin, 2018az geroztik

NABI eta NUKFren arteko lankidetza 2018an hasi zen hitzarmen baten bidez, eta horri esker bi erakundeek ordura arte izandako lankidetza sendotu eta ofizialdu zen bai eta finkatu ere Nafarroako 2022-2027ko Emakume eta gizonen arteko bedintasunerako Plan Estrategikoaren barruan. Planak 14 helburu estrategiko ditu emakumeen erahilketaren kontra eta emakumeenganako indarkeriaren kontra egiteko eta genero-arrakalak murrizteko, soldatetan, zainketetan, osasunean, enpleguan, gizarte babesean, teknologian eta kirolean.

Bi erakundeen arteko harremana ere indartu da urte hauetan, emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean koordinatzeko Nafarroako Erakunde Arteko III. Akordioaren bidez. Akordioa izenpetu duten erakundeen helburua da, batetik, ahalik eta lankidetza handiena eta hoberena lortzea emakumeenganako indarkeria integrala prebenitzeko eta horri heltzeko, eta, bestetik, Foru Komunitate osoan jarduteko jarraibide homogeneoak ezartzea.

Argazkian, Remirez lehendakariordea, Patricia Abad eta Xabier Alcuaz NUKFk Iruñean duen egoitzan hitzarmena sinatzen

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Volver arriba