2026ko maiatzak 22

Toki-erakundeek Nafarroako kulturaren funtsezko eragile gisa duten egitekoa aldarrikatu du NUKFk

Joan den maiatzaren 19an Artziko Jauregian egindako Kultura Kudeatzea XI. Topaketa Profesionaletan parte hartu zuen Xabier Alcuazek. Bertan, udalek, kontzejuek eta profesionalek lurralde osoan kultur programazio hurbila, plurala eta kalitatezkoa sostengatzeko egindako lana nabarmendu zuen

Foto noticia

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakari Xabier Alcuazek joan den ekainaren 9an Artziko Jauregian egindako Kultura Kudeatzea XI. Topaketa Profesionaletan parte hartu zuen. Ekitaldia finkaturiko hitzordua da Nafarroako kultura-sektorearentzat, eta kultura-kudeaketaren inguruko diagnostikoak, beharrak eta etorkizuneko proposamenak partekatzera bideratua dago.

Bere hitzaldian, Alcuazek toki-erakundeek Nafarroako bizitza kulturalean duten funtsezko zeregina nabarmendu zuen. Adierazi zuenez, Nafarroak tokiko kultura-sare “aktiboa, anitza eta lurralde osoan zabaldua” du, eguneroko programazioaren zati handi bati eusten diona. “Tokiko kultura-eskaintzak aniztasun horri erantzun behar dio, eta kalitate-, inklusio-, aniztasun- eta kultura-adierazpenekiko errespetu-irizpideen arabera egin behar du, gaztelaniaz zein euskaraz”, aldarrikatu zuen.

NUKFko lehendakariak bereziki nabarmendu zuen udalerri txikienetan eta landa-eremuetan egiten den lana, non jarduera kulturala posible den teknikarien, udal-arduradunen, hautetsien, kultura-eragileen, liburutegien, kultura-etxeen, elkarteen, kolektiboen eta boluntarioen konpromisoari esker. “Baliabide mugatuekin, programazio duina, plurala, hurbila eta kalitatezkoa eskaintzea lortzen dute”, azpimarratu zuen.

Tokiko kultur kudeaketa jarduerak programatzetik haratago doala defendatu zuen. “Tokiko kultura kohesio soziala, partaidetza, identitate komunitarioa, bizikidetza, memoriaren transmisioa eta lurralde-dinamizazioa da”, esan zuen.  Hori horrela, kulturak pertsonen arteko loturak zaintzen eta tokiko bizitza indartzen laguntzen duela adierazi zuen.

Bere hitzaldian, sektorearen erronka nagusietako batzuk ere aipatu zituen lehendakariak, hala nola profesionalizazioa, proiektuen iraunkortasuna, erakundeen arteko koordinazioa, finantzaketa, programazioen egonkortasuna, prestakuntza, ikuslegoak erakartzea edo parte-hartze kulturalerako modu berrietara egokitzea.

Hala ere, Nafarroa indar garrantzitsu batetik abiatzen dela nabarmendu zuen: “pertsonen konpromisotik” alegia. Haren ustez, kultura-kudeaketak esperientzia, lurraldearen ezagutza eta komunitatea sortzeko gaitasuna duten profesionalak ditu, eta toki-erakundeek, berriz, kokapen pribilegiatua dute lan profesional hori herritarrekin konektatzeko.

Lehendakariak ildo horretan kokatu zuen orain gutxi NUKFren eta KUNAren arteko hitzarmena berritu izana, tokiko kultur kudeaketa indartzeko eta udalerriei eguneroko lanean laguntzeko aliantza baliagarri gisa definitu zuena. “Kulturak baliabideak, plangintza eta profesionaltasuna behar ditu, baina sareak, konfiantza eta esperientziak partekatzeko, zailtasunak aztertzeko eta irtenbide praktikoak sortzeko espazioak ere behar dituela”, defendatu zuen lehendakariak, eta “tokiko kultura Nafarroako aktibo handienetako bat dela” esan zuen.

Irudian, Ángel García, KUNAko lehendakaria; Rebeca Esnaola, Kultura kontseilaria; Xabier Alcuaz, NUKFko presidentea eta Javier Díez, Artzibarreko alkatea, jardunaldiaren irekieran.

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Volver arriba