2024ko irailak 5

Toki-erakundeek igerilekuetako araudi aldaketaren aldeko txostena eman dute. Aurkako txostena egin dute berriz, administrazioko lanpostuetan sartzeko eta horiek betetzeko merituak arautzen dituen dekretuari buruz

Langilegoaren alorreko dekretuak eremu euskaldunean eta mistoan euskararen ezagutzari dagozkion merituak arautzen ditu, besteak beste

Foto noticia

Foru Erkidegoko igerilekuetako higiene-, osasun- eta segurtasun-baldintzak aldatzen dituen foru legearen proiektuaren aldeko txostena eman dute toki-erakundeetako ordezkariek,  gaur goizean izandako Toki Araubideko Foru Batzordean. Aurkako txostena eman dute ordea, Nafarroako administrazio publikoen lanpostuetan sartzeko eta horiek betetzeko merituak arautzen dituen proiektuaren inguruan.

 

Aldaketak igerilekuetan

Igerilekuei buruzko dekretu berriak indarrean dagoen horretan definizio batzuk biltzen dituen 2. artikulua aldatzen du (zer da erabilera publikoko igerileku bat, zer da igerileku estali bat eta abar).

Gainera, berritasun aipagarri gisa, igerilekuen barruan banaketak egiteko piboteak edo barandak jartzeko debekua ezartzen da eta 3 urteko epea ematen dute dagoeneko daudenak kentzeko.

Mantentze-, garbiketa- eta sorospen-zerbitzuak egiten dituzten langileek eduki beharreko prestakuntza ere zehazten du dekretu berriak foruko araudia estatukoari egokitzeko.  Bi aldaketa horiek ezartzen dituzten baldintzak betetzeko, 2026ko urtarrilaren 2ra arteko epea dago. Hala ere, 2.000 biztanletik beherako udalerrietako igerilekuetan lanean ari diren sorosleek egungo arauan ezarritakoa baino ez dute bete beharko.

Dekretu berriak ezartzen du, bestalde, hemendik aurrera igerilekuen titularrek dagokion ministerioari zuzenean igorri beharko dizkiotela osasun arloko aurreko urteko datu teknikoak. Horretarako, Siloé plataforma digitala erabili beharko dute eta datuak apirilaren 30a baino lehen igorri beharko dituzte urtero. Kudeaketa errazte aldera, Osasun Departamentuak plataforma horri buruzko prestakuntza eskainiko die erabiltzaileei.

Toki-erakundeetako ordezkariek, halaber, toki Araubideko Foru Batzordean jakin nahi izan zuten dekretuak xedapenen bat ote zuen bere garaian ezarri ziren igerilekuak egokitzeko betebeharrekin loturik. Izan ere, horretarako epea datorren urteko urtarrilaren 1ean amaitzen baita eta udalerri batzuetan oraindik ere ez baitira egokitzapenak egin. Orain arte igerilekuak egokitzeko epea luzatuz joan dira lan horiek egiteko inbertsioak kostu handikoak direlako eta Nafarroako Gobernuak emaniko dirulaguntzak ez direlako toki-erakunde guztietara iristen.

 

Merituei buruzko dekretua

Batzordean hizpide izan zuten bigarren dekretuak Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuetan sartzeko eta lanpostu horiek betetzeko merituen balorazioa arautzen du. Toki-erakundeek, jada, dekretuaren proiektuaren kontrako txostena emana zuten Toki Araubideko Foru Batzordean, Nafarroako Kontseiluak ezarritako eragozpenak zirela eta euskara eremu mistoan baloratzearekin loturik eta euskara zein postutan baloratu beharko liratekeen zerrendatzen baitzuen. Orain, testua zuzendu dute eta eremu mistoan euskara lanpostu batean baloratu edo ez administrazio bakoitzak erabakiko du lanpostuz lanpostu banaka, horien ezaugarrien arabera eta herritarrekiko harremana duten kontuan hartuta.

Toki-erakundeetako ordezkariek, oraingoan, dekretua Euskararen Nafar Kontseiluaren txostenak dioena jakin arte zain gelditzea eskatu dute Toki Araubideko Batzordean. Gobernuak ez du eskaera aintzat hartu ordea eta, azkenean, toki-erakundeen aurkako txostena jaso du proiektuak.

Volver arriba