2025eko ekainak 12

Toki-erakundeek herritarren zerbitzura dagoen artxibo digitalaren erronkari heldu diote

Jardunaldi tekniko batek sektoreko profesionalak bildu ditu dokumentuen kudeaketa elektronikoaren beharrak, kezkak eta etorkizunerako proposamenak aztertzeko

Foto noticia

Nafarroako toki-erakundeek jardunaldi tekniko bat egin dute berriki, herritarren zerbitzura dagoen artxibo digitala ezartzearen erronkari heltzeko. Nafarroako Artxiboan izandako saioak udal administrazio elektronikoarekin lotutako ehun profesional inguru bildu zituen eta bertan esperientziak, beharrak eta proposamenak partekatu zituzten dokumentuen kudeaketaren arloan. Ekimena Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak sustatu du ANIMSArekin eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin lankidetzan.

Jardunaldian, toki-erakunde batzuetako artxibo digitalaren inguruko zenbait esperientzia azaldu zituzten; Cortesko, Berako, Zizur Nagusiko, Iruñeko eta Tuterako udaletako esperientziak zehazki. Horretaz gain, Estatuko Artxibo Nagusiaren eta ANIMSAren azalpenak ere izan ziren.   Gainera, arau-esparruak, auditoretzak eta Kultura Zuzendaritza Nagusiak sustaturiko kudeaketa tresnak aztertu zituzten.

Saioaren amaieran, Joaquim Llansó Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuburuak eta Íñigo Ramón Pérez Nafarroako Artxibozainen Elkarteko lehendakariak funtsezko zenbait ondorio aurkeztu zituzten.

Besteak beste, nabarmentzekoa da toki-erakundeek oro har espediente elektronikoak toki seguru batean egoki kontserbatzea bermatzeko duten kezka, baita teknologiaren zaharkitzea dela eta etorkizunean egin beharko diren datuen migrazioen inguruko kezka ere.  Era berean, jardunaldian agerian jarri zen langileentzako prestakuntza handiagoa behar dela, aplikazioen arteko interoperabilitatea lortzeko interesa dagoela eta Nafarroako Gobernuaren aldetik laguntza handiagoa jasotzeko beharra eskaera orokortua dela.

Parte-hartzaileek aho batez komenigarritzat jo zuten Nafarroako toki-erakunde guztietarako artxibo digitalerako sistema bakarra eta segurua ezartzea, egungo tresnek epe laburrean irtenbiderik eskaintzen ez dutelako. Halaber, positibotzat jo zuten Kultura Zuzendaritza Nagusiak egindako auditoretza-lana, eta batez ere jardunbide okerrak antzeman eta zuzentzeko gaitasuna.

Horretaz gain, espediente elektronikoak kontserbatzeko kostuaren gaineko kezka azaldu zuten. Horrela, kostu hori Toki Administrazioaren Zuzendaritza Nagusiak bere gain hartzea hausnartzen ari dira.

Azkenik, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak, ANIMSAk eta Nafarroako Artxibozainen Elkarteak beren lankidetzari eusteko asmoa adierazi zuten dokumentuen kudeaketa elektronikoaren jardunbide egokiak sustatzeko, jakitun baitira artxibo digitala giltzarri dela toki administrazioa modernizatzeko eta herritarrekiko arreta hobetzeko.

NOTICIAS RELACIONADAS

Volver arriba