Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKFk) toki-erakundeei laguntza ematen segitzen du Nafarroan haurren eta nerabeen eskubideak bermatzeko. Oraingoan, Nafarroako Gobernuarekin eta UNICEF Nafarroako Batzordearekin batera, lau lan-saio egin ditu “Nire udalerriak haurrak babesten ditu indarkeriaren aurrean” lelopean. Jardunaldi horiek maiatzean egin dituzte eta udal zein mankomunitateetako hautetsiei eta teknikariei zuzendurik egon dira.
Haurrei eta Nerabeei Indarkeriaren aurrean Babes Integrala emateko Lege Organikoak eta haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzeko Foru Legeak ezarritako arau-esparru berriaren karietara egindako ekimena izan da. Araudi berri horrek zeregin aktiboa esleitzen die toki-erakundeei haurren eta nerabeen aurkako edozein motatako indarkeria prebenitzeko eta horren aurrean ekiteko. Legediak, halaber, zaurgarritasun egoerak artatzea asmo du indarkeria edo bazterkeria egoerak bihurtu baino lehen.
UNICEFek sustaturiko lan-saioetan, Nazio Batuen agentziak udalerriei haurren aurkako indarkeria prebenitzen laguntzeko egin duen gida berria aurkeztu du. Tresna hori hiru urteko ikerketa aplikatuaren eta berrikuntza sozialaren ostean ondu dute eta material eta baliabide mordoa du haur eta nerabeentzako ingurune seguruak eta babesgarriak bermatuko dituzten politika publikoak praktikan jartzeko. UNICEFek sortutako baliabide guztiak hemen daude eskuragarri: https://ciudadesamigas.org/proteccion-a-la-infancia-desde-lo-local/
Udalen errealitatera egokituriko egitaraua
Toki-erakundeak, gizartearen errealitatearekiko hurbilago egonik eta horren gaineko ezagutza zuzena dutenez gero, babes hori benetan gauzatzeko funtsezko eragile dira. Hala, NUKFk, UNICEFek eta Nafarroako Gobernuak informazioa, baliabideak eta prestakuntza guneak ahalbidetu nahi izan dizkiete toki-erakundeei, konpromiso horiek berme osoarekin beren gain hartu ahal ditzaten.
Jardunaldiak Tuteran, Bertitzen, Lizarran eta Iruñean egin dituzte eta NUKFren, Nafarroako Gobernuaren eta UNICEFeko kideen parte-hartzea izan dute. Bertan ehun pertsona baino gehiagok hartu du parte, toki-erakundeek haurren zaintzaren eta babesaren inguruan duten interesaren eta horri ematen dioten garrantziaren erakusle.
Gainera, lan-saioek erakundeen aldetik laguntza-proposamen bat eskaintzeko ere balio izan dute udal eta mankomunitateek haien testuinguruei egokituriko ekintza zehatzak bultzatu ahal izateko. NUKFk, modu horretan, haurren eskubideak defendatzeko konpromisoa eta udalgintza ongizaterako eta kohesio sozialerako tresna gisa sendotzeko konpromisoa berretsi egiten du.
Irudian, Paola Bernal Fuentes, UNICEF Espainiako Batzordeko haurtzaroaren toki politiketan aditua.