2025eko uztailak 10

Toki-erakundeek babesa eman diote landa lurzoruan industria jarduerak ezartzeko dekretuari baina hezkuntza antolakuntzari buruzko dekretuaren aurka agertu dira

Toki Araubideko Foru Batzordearen azken saioan eztabaidagai izan duten hauteskundeak antolatzeari buruzko foru dekretuaren aldeko txostena egin dute NUKFko ordezkariek

Foto noticia

Toki Araubideko Foru Batzordeak, Nafarroako Gobernuaren eta toki-erakundeen ordezkari gisa Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren (NUKFren) arteko lankidetza organoa denak, toki administrazioan zuzeneko eragina duten hiru arau-proiekturi heldu dio egindako azken saioan.

Proiektu horien artetik, udal ordezkariek babesa adierazi diote landa lurzoruan industria jarduerak ezartzeari buruzko Foru Dekretuari bai eta hauteskunde prozesuak arautzeko dekretuari ere. Aitzitik, aurkako jarrera adierazi diote ikastetxe publikoen antolamendua eta funtzionamendua arautzeko dekretuari.

84/1990 Dekretua aldatzen duen Foru Dekretuaren proiektuari dagokionez, toki-erakundeek proiektuaren ikuspegia begi onez ikusi dute, landa ingurunean zenbait jarduera ezartzea erraztea asmo baitu despopulazioaren aurka egiteko.

Araudi berriak lurzoru urbaezinean baimendutako jarduerak handitzen ditu, nekazaritzarekin lotutako eraikuntza singularrak ahalbidetuz; esaterako, dolareak, upategiak, gaztandegiak edo nekazaritzako elikagaientzako instalazioak. Horretaz gain, dekretuak despopulazio arriskuan dauden udalerrietan dagoeneko dauden eraikinak edo erabiltzen ez diren instalazioak berrerabiltzen dituzten edozein motatako jarduerak baimentzeko aukera ematen du, lurzoruaren kategoria edozein dela ere. Toki-erakundeek proiektuak lurraldearen babesaren eta garapen ekonomikoaren artean proposatzen duen oreka nabarmendu dute.

Toki-erakundeen ordezkarien oniritzia izan du, halaber, Foru Komunitateak kudeaturiko hauteskunde prozesuetako materiala eta langileak antolatzeko Foru Dekretuaren proiektuak. Arau horrek egungo Estatuarekiko ‘ad hoc’ hitzarmenak utzi eta berariazko araudi bat ezarri nahi du eta hauteskunde prozesuetan lanean aritzen direnek jaso beharreko konpentsazioak, haborokinak eta kalte-ordainak antolatzeko arau-esparrua ezartzen du. Era berean, Foru Komunitateko eskumenekoak diren Parlamenturako eta kontzejuetarako hauteskundeak egoki egin daitezen bermatzeko behar diren baliabide materialen kudeaketa ere arautzen du.

Toki-erakundeak ordea, Hezkuntza Departamentuak ikastetxe publikoen antolaketa eta funtzionamendua arautzeko egin proiektuaren aurka azaldu dira.  Proiektu horren xede nagusia zuzendaritza taldeen funtzioak eta derrigorrezko hezkuntza irakasten duten ikastetxeen funtzionamendua arautzea bada ere, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza irakasten duten ikastetxeei eragiten dien aurreikuspen gehigarriren bat ere barne hartzen du.

Horien artean, unitate berean adin ezberdineko haurrak biltzeko aukera proposatzen du ratio bereziak zehaztuta: 12 haur ikasgela bakoitzeko 1 eta 3 urte arteko unitateetarako, 14 haur 2 eta 3 urte arteko unitateetarako eta 12 haur 2 urtetik aurrerako gela mistoetarako.

NUKFren ordezkariek denbora gehiago eskatu zuten dekretuaren inplikazioak sakon aztertu ahal izateko, bereziki, Haur Hezkuntzako zikloari nola eragiten dion ikusteko. Hala ere, Hezkuntza Departamentuak arau-testua onesteko eta indarrean jartzeko aurreikusitako epeak direla eta tramitazioa atzeratzeko aukerarik ez zegoela adierazi zuen. Hori horrela, toki-ordezkariek dekretuaren aurkako txostena eman zuten.

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Volver arriba