2025eko urriak 2

Toki-erakundeek aldeko txostena eman dute Gardentasunari buruzko Foru Legearen aurreproiektuaren eta onura publikoko mendien dekretuaren gainean

Udaberriko ez-ohiko euriteek kalteturiko udalerrientzako tributu-neurriak ere aztertu ditu Toki Araubideko Foru Batzordeak

Foto noticia

Toki-erakundeek aldeko txostena eman dute Toki Araubideko Foru Batzordearen azken bilkuran jorratutako bi lege-ekimenei dagokienez; Gardentasunari buruzko Foru Legeari eta onura publikoko mendien eta mendi babesleen katalogoa aldatzen duen foru dekretuari dagokionez alegia. Era berean, udaberriko ez-ohiko euriteek kalteturiko udalerrientzako tributu-salbuespenak arautzen dituen foru aginduaren berri eman zien Nafarroako Gobernuak toki-erakundeei.

Gardentasunari buruzko Foru Legea berritzea

Egungo legea berritzeko aurreproiektuak hobekuntza teknikoak ditu Gardentasunaren Kontseiluak berak izandako esperientzian oinarriturik. Izan ere, Kontseiluak zenbait aldaketa proposatu baititu. Berritasun nagusien artean, arauaren aplikazio-esparrua handitu da Jardunbide Egokien aldeko eta Ustelkeriaren kontrako Bulegoa ere barne hartzeko eta edozein pertsonari aitortzen zaio orain, publizitate aktiborako betebeharra betetzen ez den kasuetan Kontseiluan salatzeko aukera.

Lege-testuak, halaber, Gardentasunaren Kontseiluaren osaera aldatzen du izaera teknikoagoa izan dezan. Aurrerantzean, Nafarroako Parlamentuko ordezkari bakarra izango du eta toki-erakundeetako beste bat eta biek ala biek profil profesionala eta esperientzia izango dute arlo horretan. Orain arte, Parlamentuko lau ordezkari zituen Kontseiluak eta toki-erakundeetako hiru. Aldaketa horietaz gain, lehendakariaren agintaldia lau urtetik sei urtera handitu eta kargua ordainpekoa izateko aukera zabalik utzi dute.

Mendien katalogoa eguneratzea

Foru Dekretuari helduta, onura publikoko mendien katalogoa eta horri lotutako kartografia eguneratzen ditu eta mendi babesleekin lotutako aldaketak ere egiten ditu. Zehazki, onura publikoko zazpi mendi berri katalogatu eta beste horrenbeste katalogotik atera ditu eta bi mendi gehiago sartu mendi babesle gisa.

Dekretuak, halaber, eskumeneko zuzendaritza nagusiari aukera ematen dio katalogoan aldaketa eta zuzenketa txikiak egiteko, prozedurei arintasun handiagoa emate aldera. Era berean, hamar urteko epea ezarri du partikularrekin katalogaturiko lurzoruei buruzko  gatazkak dauden kasuetan toki-erakundeek titulartasuna argitzeko.

Tributu-salbuespenak ez-ohiko euriteengatik

Azkenik, udaberrian eurite eta uholdeek kalteturiko udalerriak izanik tributu-salbuespenak aplikatu ahalko dituztenen zerrenda aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuak. Salbuespen horiek partikularrentzat nahiz pertsona juridikoentzat izan ahalko dira. Horretaz gain, toki-erakunde horiei dagozkien konpentsazioak ere aurkeztu zituzten.

NOTICIAS RELACIONADAS

Volver arriba