Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak, toki-erakundeekin lankidetzan, dokumentu bat egin du despopulazioari aurre egiteko hainbat proposamenekin. Etorriko den Despopulazioari eta Landa Garapenari buruzko Foru Legearen testuinguruan Federazioak sustaturiko parte-hartze prozesu baten emaitza da idazkia eta, gainera, gerora Foru Administrazioak egingo dituen araudietarako eta beste jarduketetarako ere oinarria izango da. Prozesuaren ondorioak toki-erakundeei igorri dizkiete dagoeneko, egindako lanaren itzulketa moduan, eta Nafarroako Gobernuari eta Parlamentuari helaraziko dizkiete orain.
Urtarrilean eta otsailean zazpi bilkura antolatu dira Nafarroako zenbait udalerritan, toki maparen azken berrantolaketa kontuan harturik eta horren fruitu da 113 toki-erakundetako 162 hautetsiren ekarpenak biltzen dituen dokumentua. Prozesu horretatik abiaturik, zazpi printzipio gidari zehaztu eta 74 proposamen zehatz egin dira bost lan-arlotan banaturik: Zerbitzuak; Ekonomia eta Enplegua; Komunikazioak eta Mugikortasuna; Etxebizitza; eta Finantzaketa eta Fiskalitatea.
Horrekin batera, prozesuan zehar, zenbait zeharkako proposamen jaso dituzte bai eta Foru Gobernuak toki-erakundeei zuzenduriko galdetegi batetik bildutako erantzunak jaso ere. Eskualde bakoitzean proposaturiko neurriek bertako errealitatearen arabera ñabardurak dituzten arren, eztabaidak arlo guztietan amankomuneko arazo bat agerian utzi du eta horrek eskualde guztietarako irtenbide bateratuak proposatzeko aukera ematen du.
TOKI-ERAKUNDEENPROPOSAMENAK
DESPOPULAZIOARI AURRE
EGITEKO
Proposamen aipagarrienak
Besteak beste, NUKFk aurkezturiko dokumentuak funtsezko zerbitzu publikoen eskuragarritasuna bermatzearen alde egiten du, gehienez ere edozein udalerritatik 15 minutuko tartean. Gainera, idatzian eskualdeko sareen eta adinekoen arretaren aldeko neurriak eskatzen dituzte eta osasun zein hezkuntza arloko ratioak despopulazio arriskuan diren eremuen errealitate demografikora egokitzearen alde egiten dute.
Toki-erakundeek, halaber, araudi-esparrua eta esparru fiskala landa ingurunearen berezitasunetara egokitzea aldarrikatzen dute, diskriminazio positiboko neurriak txertatuta. Horretaz gain, burokrazia sinplifikatzea eskatzen dute, legedia ekoizle txikietara egokituz eta belaunaldi arteko erreleboa, ekintzailetza eta dibertsifikazio ekonomikoa sustatuz. Horrekin batera, landa eremuko energia berriztagarriak sustatzea proposatzen dute, industria-lurzorurako eskuragarritasuna ahalbidetzea, zerbitzu publikoak deszentralizatzea eta landa bizitzarekin bateragarria den turismo jasangarria sustatzea.
Komunikazioen eta mugikortasunaren arloan, landa garraio publiko eraginkorra bermatu behar da, udalerri arteko eta hiriguneetarako lotura gehiagorekin eta eskaeraren araberako taxi zerbitzuaren antzeko zerbitzuak sustatuz edota eskola-garraioaren erabilera partekatua ahalbidetuz herritarrentzat. Komunikazioei dagokienez, lurralde osora banda zabaleko Internet hedatzeko beharra azpimarratzen dute.
Etxebizitzak birgaitzearen aldeko hautua
NUKFk bultzaturiko parte-hartze prozesuak agerian utzi du gainera, udalerri gehienetan arazo nabarmena dagoela etxebizitzarekin, hondaturiko higiezin huts asko baitago. Egoera horren aurrean, Nafarroako udalerriek araudia egokitzea eskatzen dute eraikin zaharrak birgaitzea errazteko, alokairuaren alde egiteko eskatzen dute bai eta etxebizitza hutsak erabilgarri jartzeko pizgarriak eskatu ere. Horretarako, mota askotariko proposamenak egiten dituzte.
Besteak beste, Nafarroako Gobernuari inplikazio handiagoa eskatzen diote, zuzeneko laguntzen bidez, udalekin lankidetzan edo Nasuvinsaren laguntzarekin, etxebizitza parkea handitzeko, dagoeneko eraikita dauden higiezinak aprobetxatuz eta horien abandonua ekidinez. Neurri horiek despopulazioari aurre egitea ahalbidetuko lukete errotzea sustatuta eta, era berean, hiri inguruneetako etxebizitzaren gaineko presioa murriztuko lukete.
Azkenik, toki finantzaketari eta fiskalitateari dagokionez, Transferentzia Arrunten Funtsa eta Kapital Transferentzien Funtsa nabarmen handitzearen alde egiten dute toki-erakundeek despopulazio arriskuan dauden toki-erakundeei autonomia eta inbertsio-gaitasun handiagoa emateko. Halaber, aurrekontu egonkortasunaren arauditik eratorritako gastu-mugak kentzea proposatzen dute eta despopulazio arriskuan dauden eremuentzako funts berezi bat sortzea. Fiskalitateari helduta, tributuetan hobariak jartzearen alde egiten dute bai eta landa inguruneko bizitzak eta joan-etorriek eragindako gainkostuak konpentsatzeko laguntzen alde egin ere. Ingurune horretan aritzen diren enpresentzako pizgarri fiskalak ere proposatzen dituzte.
Adostasun-maila zabala
Horretaz gain, eta zeharkako proposamen gisa, parte-hartze prozesuaren ondorioek toki mapa berrantolatzeko legeak aurreikusitako eskualdeak garatzearen alde egiten dute, baita landa inguruneko gazteriari zuzenduriko ikuspegi baten alde eta politika guztietan genero ikuspegia txertatzearen alde ere. Horrekin batera, legeak diseinatzen dituztenek landa inguruneko errealitateari buruzko ezagutza sakonagoa edukitzea eskatzen dute, araudia egitean landa ingurunea kontuan izan dezaten; legedia, oro har, hiri inguruneetarako pentsaturik egon ohi baita.
Parte-hartze prozesuak gainera, adostasun-maila zabala agerian utzi du. Parte-hartzaileen 128k, %90ek, “oso garrantzitsutzat” jotzen dute Nafarroak despopulazioari aurre egiteko lege berezi bat edukitzea. Eszeptizismoa badago ordea, aurretik egindako zenbait prozesuk ez baitzituzten espero ziren ondorioak izan.
Proposamenak jasotzen dituen amaierako dokumentua NUKFko Batzorde Betearazleak ontzat eman du, proposamen horiek etorriko den Despopulazioaren aurkako eta Landa Garapenari buruzko Legea egiteko oinarri izango direla sinetsita, eta aurrerantzean gauzatuko diren politika publikoek Nafarroako landa ingurunearen etorkizuna bermatzeko gida moduan erabiliko direlakoan.
Irudian, Xabier Alcuaz, Tafallako alkatea eta NUKFko presidentea; Susana Castarera, Alloko alkatea eta Jurramendiko Mankomunitateko presidentea; eta Patxi Enkaje, Abaurregainako alkatea. Azken bi hauek NUKFko despopulazioaren aurkako talde eragileko kideak dira.