2024ko ekainak 4

Toki-erakundeetan berdintasuneko politikak sustatzeko lankidetza berritu dute Nafarroako Gobernuak eta NUKFk

Hitzarmen berriak laguntza teknikoa eta berdintasun-arloko prestakuntza eskaintzen jarraitzeko laguntza indartu du, eta berdintasunaren aldeko toki-erakundeen sare baten bidez lan koordinatua bultzatzearen aldeko apustua egiten du

Foto noticia

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren (NABI) bidez, eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKF) lankidetza-hitzarmena sinatu dute emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-politikak indartzeko toki esparruan.

Hitzarmenak Foru Exekutiboak eta toki-erakundeek bultzatutako berdintasuna sustatzeko neurria indartzen du. Esparru horretan, NUKFk laguntza teknikoa eta prestakuntza eskaintzen dizkie toki-erakundeei haien berdintasuneko politikak sakondu eta zabaltzeko.

Hitzarmenaren arabera NUKFk, NABIren laguntzaz, berdintasunaren eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako alorretan toki-erakundeei laguntza berezitua emateko konpromisoa beregain hartzen du; berdintasuneko teknikaririk ez duten 5.000 biztanle baino gutxiagoko erakundeentzat ere lagungarri izanik. Aholkularitza horrek toki-erakundeen berdintasuneko politiketan sakontzea eta horiek zabaltzea du xede, politika horiek ahalik eta sistematikoagoak bihurtzeko. Toki-erakunde bakoitzak erabakiko du laguntza-lan horiek zer arlotan beharko dituen; entitatearen egoeraren analisia egitetik epe labur eta ertainerako proiektuak egiteraino. Laguntza teknikoa prozesu osoan zehar eman ahalko zaio entitate bakoitzari egungo hitzarmena indarrean den bitartean.

Gainera, jai-guneetan sexu-erasoen aurrean jarduteko protokoloak egiteko ere jaso ahalko da aholkularitza bai eta emakumeen hilketa kasuetarako eta emakumeenganako indarkeria egoera larrietarako ere, emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean jarduteko eta koordinatzeko tokiko protokoloak egiteko gidari jarraiki.

Laguntza teknikoari esker, halaber, Genero Indarkeriaren aurkako Estatuko Itunak toki-erakundeen eskura jartzen dituen funtsak inbertitzeko aukerak aztertu ahalko dira.

Bestalde, NUKFk toki-erakundeetako politikari eta teknikarientzako prestakuntza ekintzak bultzatuko ditu. Horrela, Berdintasunari buruzko 10 orduko oinarrizko bi ikastaro eskainiko ditu eta indarkeriari buruzko beste horrenbeste. Horretaz gain, “Nafarroako toki entitateetako politika publikoetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa txertatzeko eta genero ikuspegia aplikatzeko prestakuntza ibilbidearen” barruan sartutako ikastaroak ere eskainiko ditu.

2024an, NUKF berdintasunaren aldeko toki-erakundeen sare bat osatzeko eta hori antolatzeko eta kudeatzeko ereduak definitzeko lanetan arituko da, NABIren eta udaletako berdintasun teknikarien sarearekin lankidetzan. Plataforma hori bultzatzeko, inplikaturiko hiru alderdiekin lantalde bat sortzea aurreikusia dago.

Halaber, jardunaldi bat ere aurreikusia dago, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun politiken alorreko jardunbide egokiak eta esperientzien trukea barne hartuko dituena.

NABIren eta NUKFren lankidetza 2017an hasi zen, Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean Koordinatzeko Nafarroako Erakunde Arteko III. Akordioa izenpetu zenean. Akordioaren xedea emakumeenganako indarkeriari heltzeko erakundeen arteko koordinazio eta lankidetza osoa eta hobea lortzea izan zen, kalitateko arreta bermatzeko osasun eta hezkuntza alorrean, bai eta alor sozialean, juridikoan, judizialean eta polizia-arloan ere.

2018an, bi erakundeen arteko lankidetzan urrats bat gehiago eman zen toki esparruan berdintasuneko politikak sustatzeko hitzarmen bat sinatuta. Horri esker, bi erakundeen artean egondako elkarlana ofizial bihurtu zen.

Lankidetza hori urtez urte mantendu egin da hitzarmenak izenpetuta; azkenekoa 2023an sinatu zen. Egindako lanaren ondorioak eta hobetzeko arloak aztertu ondoren, bi erakundeek orain arte egindako jarduketa batzuk mantentzea eta finkatzea beharrezkotzat jo dute eta lankidetza hitzarmen berrian sartutakoak abiatzea.

 

Argazki oina

Ezkerretik hasita, Berta Enrique, Xabier Alcuaz, Félix Taberna lehendakariordea, Patricia Abad eta Sara San Julián.

Volver arriba