Toki entitateek Irisgarritasuneko Udal Planaren eredu bat izango dute inklusioa eta aukera berdintasuna sustatzeko
Proiektuak, lurraldeko funtsezko eragileekin lankidetzan, Nafarroako udal eta kontzejuetan irisgarritasun unibertsalaren eredu bat definitzea du helburu

Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, proiektu bat abiatu du Foru Erkidegoko toki entitateentzako Irisgarritasuneko Plan-eredu bat egiteko. Horretarako, Grupo Social Onceren barruan dagoen Ilunion Accesibilidad enpresaren laguntza teknikoa izango du.
Plana-ereduak erreferentzia gisa balioko die udalei haien toki planak egiteko, azaroaren 28ko Nafarroan desgaitasuna dutenei arreta emateari eta beren eskubideak bermatzeari buruzko 31/2022 Foru Legearen bigarren xedapenari jarraiki.
Lanei hasiera emateko, Nafarroako Gobernuak eta inplikaturiko zenbait eragilek, horien artean NUKFk, joan den apirilaren 24an bilkura bat egin zuten. Bertan, Gobernuko, toki entitateetako, gizarte eta enpresa elkarteetako eta profesionalen elkargoetako ordezkariak bildu ziren. Bilkuran, mahai bat sortu zuten datozen hilabeteetan bilduko dena adostutako eredua ontzat emateko.
Nafarroan desgaitasuna dutenei arreta emateari eta beren eskubideak bermatzeari buruzko Foru Legearen bigarren xedapen gehigarriak honakoa dio: “Toki-erakundeek egokitze plan integralak onestea. Foru lege honen ondoriozko betebehar guztiak betetzeaz gain, Nafarroako toki entitateek irisgarritasunaren arloko jarduketa plan integralak onetsi edo osatuko dituzte. Plan horietan, foru lege honen aplikazio-eremua osatzen duen araudi osoa eta errealitate objektiboa aztertuko dira, bertan ezarritako irisgarritasun unibertsaleko neurrietara pixkanaka egokitzeko, edo, kasua bada, arrazoizko egokitzapenak egiteko, eta hartu beharreko neurriak, egutegia eta horretarako behar diren zenbateko ekonomikoak finkatuko dira. Horrez gain, 99. artikuluaren arabera ezartzen diren alderdiak garatuko dituzte, gutxienez, beren plangintzan”.
Legeak ikuspuntu globalago batetik heltzen dio irisgarritasunari eta hainbat arlo kontuan hartzen ditu: lurraldea, eraikuntza, garraioa, administrazioen arteko harremanak, hezkuntza, produktuak eta zerbitzuak etab.
Argazki oina
Lan-saioaren aurkezpen ekitaldia.