Toki entitateek eskola-jantokien dekretu berriaren aldeko txostena eman dute
Foru Administrazioak eskualdeko ikastetxeak kudeatzen ditu eta gurasoen elkarteek aldiz, tokiko ikastetxeak. NUKFk azken horien kudeaketa ere bere gain hartzeko proposamena egin dio Gobernuari

Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko ez-unibertsitarioetako eskola-jantokiak arautzen dituen Foru Dekretu berriaren aldeko txostena eman zuten toki entitateetako ordezkariek martxoaren 18ko Foru Araubideko Foru Batzordean. Dekretu berriak 1991n onetsitakoa eguneratzen du.
Berritasunen artean, dekretuak eskola-jantokien zerbitzua irailera eta ekainera ere luzatzen du eta horretarako finantzaketa handitzen. Gainera, orain eskola-garraiorako eskubidea duten ikasleek eta ekonomia egoera ahulean daudenek jasotzen dituzten dirulaguntzak zabaldu ditu eta aurrerantzean muturreko edo arrisku handiko despopulazio egoeran dauden udalerrietako ikastetxeetako ikasleek ere jaso ahalko dituzte, udalerri horietan bizi badira betiere.
Dekretuak beste berritasun bat dakar: Nafarroako Gobernuak eskualdeko ikastetxeak dituzten toki entitateekin hitzarmenak izenpetu ahalko ditu entitate horiek jantoki-zerbitzua beren gain hartu ahal izateko.
Eta, dekretuak salbuespen gisa jasotzen duenez, bazkaltiar kopurua txikia denean edo bestelako egoera batzuek hala aholkatzen dutenean, zerbitzua eman ahalko da jendaurreko beste establezimendu, entitate edo erakundeetan, leku horiek zerbitzua egoki eskaintzeko berme nahikoa badute betiere.
Jantokiaren urteko plana eta finantzaketa aurreratzea
Foru dekretuaren proiektuak eskatuta, jantokiek zerbitzuaren urteko plan bat eduki beharko dute, jantokia gune hezigarri gisa sustatuko duena eta zenbait helburu izango dituena; besteak beste, osasunerako hezkuntza sustatzea, higienea eta nutrizioa, elikadura ohitura osasungarriak eta jasangarriak sustatzea edota mahaian jokaera egokia edukitzea.
Departamentuak, halaber, jantoki-zerbitzuak kudeatzen dituzten gurasoen elkarteei finantzaketa aurreratzeko konpromisoa hartu du, zerbitzuak eragindako arazo ekonomikoak eduki ez ditzaten.
Kudeaketa bateratzea
Toki entitateetako ordezkariek, bestalde, Hezkuntza Departamentuak eskualdeko jantokiak eta tokikoak kudeatzeko ardura bere gain hartzeko aukera aztertu dezala eskatu zioten. Gobernuko ordezkariek proposamena aztertzeko eta jantoki batzuk pixkanaka eskualdekoen taldera batzen joateko borondatea adierazi zuten.
Azkenik, Departamentuak ikastetxe arruntetan in situ sukaldeak bultzatzeko nahia adierazi zuen.