2025eko ekainak 19

Toki boluntariotzak bere esperientziarekin ekarpena egin dio arlo horretako etorkizuneko arau-esparruari, NUKFk eta Nafarroako Gobernuak antolaturiko jardunaldi batzuetan

Udal ordezkariak, gizarte erakundetako kideak eta pertsona boluntarioak; berrogeita hamar lagun baino gehiago izan dira Tafallan, Tuteran eta Irunberrin izandako saioetan

Foto noticia

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKFk), Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiarekin eta Nasertic enpresa publikoarekin batera, boluntariotzari buruzko zenbait jardunaldi egin ditu Nafarroako udalerri batzuetan, maiatza eta ekaina bitartean.

Saioen helburua bikoitza izan da. Batetik, boluntariotzari buruzko arau-esparruaren ezagutzan sakontzea eta toki-erakundeen eta herritarren elkarteen benetako esperientziak partekatzea; eta beste alde batetik, herritarren ekarpenak jasotzea boluntariotzari buruzko etorkizuneko Foru Legea egiteko abian dagoen parte-hartze prozesua aberasteko.

Jardunaldiak Tafallan, Tuteran eta Irunberrin izan dira eta, horretaz gain, Nafarroako iparraldeko udalerriei zuzenduriko online saio bat egin dute. Berrogeita hamar parte-hartzaile baino gehiago izan ditu ekimenak; horien artean, hautetsiak, teknikariak, gizarte erakundeetako ordezkariak eta pertsona boluntarioak.

Saioetan, boluntariotzaren arloko esperientzia arrakastatsuak aurkeztu dituzte toki errealitate ezberdinetara egokiturik eta sektoreak dituen beharren eta erronken inguruan eztabaidatu dute. Bildutako proposamenen artean daude boluntariotza-erakundeei baliabideak eta babesa emateko beharra, aseguruak lortzea erraztea, boluntarioen berariazko prestakuntza sustatzea eta administrazio publikoen eta elkarte-sarearen arteko lankidetza sustatzea.

Erakunde andana

Saioetan, boluntariotzaren arloko hainbat erakundek parte hartu dute, eztabaida are aberasgarriagoa eginez. Horien artean daude, besteak beste, San Sebastián erretirodunen eta pentsiodunen klubaren Voluntario Urbano erakundea, bere konpromisoagatik gailendu zena; eta Berdesia, bere esperientzia azaldu zuena. Horretaz gain, honako hauek ere parte hartu zuten: Mendabiako Udalak eta Itaka Escolapios erakundeak, Virgen del Codés boluntarioen elkarteak eta Iturrizar Energia-komunitateak. Milagroko Babes Zibileko zerbitzua bertan izan zen bai eta Elkarrizan Laguntza elkartea eta Elizondoko Benito Menni ospitalearen Fundación Hospitalarias – Navarra erakundea ere. Tuterako Tasubinsak eta Cadreita aldeko oinarrizko gizarte zerbitzuak eta Zarrakazteluko oinarrizko gizarte zerbitzuak ere ahalegin kolektibo horren parte izan ziren.

ANDAR elkarteak eta Elikagaien Bankuak bere esperientzia partekatu zuten eta F.T.C (Villa Javier) eta AMIMET erakundeek aldiz, laguntza eman zuten. Bestalde, Tuterako Udala jardunaldietan izan zen eskubide sozialetako arloaren bidez, bai eta Irazarra elkartea ere haien babesa behin baino gehiagotan adieraziz.

Horretaz gain, Burgiko Udala eta Almadiazainen elkartea ere jardunaldietan izan ziren baita Irunberriko erretirodunen kluba eta Oibarko Udala ere. Ezkarozeko Bilgua elkarteak eta Eliako Udalak ere ekimenarekin bat egin zuten, lankidetza komunitarioaren ahalmena azpimarratuz.

Toki boluntariotzarekiko konpromisoa

Bai NUKFk bai Nafarroako Gobernuak parte-hartzaileen inplikazioa eta parte-hartzea positibotzat jo dute, boluntariotzak gizartearen eta komunitatearen garapenean, eta bereziki udalerri txikietan, duen funtsezko rola ikusgarri egiteko jardunaldiak erabilgarri izan direla iritzita. Udalerri txiki horietako askotan, boluntariotza ezinbestekoa da kultur, kirol eta gizarte arretako jarduerak sostengatzeko.

Bi erakundeek lan solidarioa indartuko duten ekimenak sustatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi dute, gure komunitateentzat hain baliotsua den baliabide hori sendotzen lagunduko duten parte-hartzerako topaguneak, prestakuntza eta koordinazioa ahalbidetuz.

NOTICIAS RELACIONADAS

Volver arriba