2026ko otsailak 18

Toki Araubideko Foru Batzordeak hezkuntza-sarea berrantolatzearen eta osasun hondakinei buruzko dekretu berriaren aldeko txostena eman du

Otsailaren 17an egin bilkuran, Nafarroako toki-erakundeetan idazkaritzako eta kontu-hartzailetzako lanpostuak aldi baterako betetzeko izangaien zerrendak sortzea ere jorratu zen

Foto noticia

Toki Araubideko Foru Batzordeak bilkura egin zuen otsailaren 17an eta, bertan, Nafarroako toki-erakundeen intereseko zenbait arau-xedapen jorratu ziren. Foru Batzordea Nafarroako Gobernuaren eta toki-erakundeen arteko lankidetza instituzionalerako organoa da eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa (NUKF) aritzen da toki-erakundeen ordezkari gisa bertan. Batzordeak, nagusiki, udal esparruan eragina duten arau-aurreproiektuen eta xedapen orokorren inguruko txostena ematea du xede.

Egindako saioan jorratutako gaien artean, toki ordezkaritzak aldeko txostena eman zuen Nafarroako Foru Komunitateko Ikastetxe Publikoen Sarea berrantolatzen duen uztailaren 3ko 80/2019 Foru Dekretuaren eranskina aldatzen duen Hezkuntza Kontseilariaren Foru Aginduaren proiektuari dagokionez. Testuinguru horretan, zenbait udalerritan, Faltzesko Ikastetxe Publikoan esaterako, eredu linguistiko zehatz batzuk ezarri izana balioetsi zen.

Era berean, aurrerapauso gisa nabarmendu zen Leotz, Oloritz, Orisoain eta Untzue udalerriak Barasoaingo Martín Azpilicueta Lehen Hezkuntzako Ikastetxearen eremura adskribatu izana; egoerak ukitutako udalerriek aspaldi egindako aldarrikapena aintzat hartzen duen neurria izan da.

Osasun hondakinei buruzko dekretua

Bestalde, Batzordeak aldeko txostena eman zuen Osasun Hondakinei buruzko Foru Dekretuaren proiektuaren inguruan. Horren arabera, hondakin horiek bost taldetan banatzen dira. Dekretuak eskumenak ematen dizkie toki-erakundeei 1. taldeko hondakinekin loturik, hots, etxeko hondakinekin parekatutakoekin loturik. Kasu horretan, testuak dio bereizita bildu beharreko hondakinak direla udal ordenantzek adierazten dutenari men eginez. Eta bilketa, garraioa eta tratamendua toki-erakunde bakoitzak bere eskumenen barruan ezarritakoaren arabera arautuko direla.

Foru Batzordean izandako eztabaidan, zalantzak azaleratu ziren 2. taldeko hondakinekin loturik, osasun hondakin ez espezifiko gisa sailkaturikoekin alegia. Izan ere, dekretuak ezartzen badu ere mota horretako hondakinak, oro har, deuseztatu behar direla horiek balorizatzeko aukera zabalik uzten baitu, aplikaturiko tratamenduak ingurumenaren eta pertsonen babesa bermatzen badu betiere.

Azkenik, bilkura berean, bi deialdiren berri eman zuten, hautapen-proben bidez eta oposizio sistema baliatuz Nafarroako toki-erakundeetan idazkaritzako eta kontu-hartzailetzako lanpostuak aldi baterako betetzeko izangaien zerrenda bat osatzeko. Proposaturiko neurri horrek udal funtzionamendurako funtsezkoak diren bi profil horiek betetzen laguntzea du jomugan.

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Volver arriba