2026ko ekainak 8

Toki Araubideko Foru Batzordeak aldeko txostena eman du Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutu berriaren inguruan

NUKFren ordezkaritzak begi onez ikusi ditu testuari egindako hobekuntzak, baina Nafarroako Gobernuari finantzaketa mekanismoak eskatu dizkio karrera administratiboa eta etorkizuneko lanpostuaren osagarria ezartzeak ekarriko duen kostuari aurre egiteko

Foto noticia

NUKFk Toki Araubideko Foru Batzordean duen ordezkaritzak aldeko txostena eman du Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutu berriari dagokionez. Hala ere, kezka adierazi du karrera administratiboa eta, ondoren, lanpostuaren osagarria ezartzeak udaletan eta gainontzeko toki-erakundeetan izango duen eragin ekonomikoagatik.

Batzordeak egindako bilkuran, toki esparruko ordezkaritzak ontzat eman ditu testuak jasotzen dituen Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen araubide juridikoan egindako hobekuntzak. Begi onez ikusi du, halaber, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak egindako ekarpenetako batzuk txertatu izana. Hala eta guztiz ere, toki esparruko ordezkaritzaren jarrera ez da ahobatezkoa izan, eta aurreikusitako neurrien finantza-jasangarritasuna bermatzeko beharra behin eta berriro adierazi du. Hori bermatu ezean, toki-erakundeek nekez barne hartu ahalko duten karga izango baita.

Hori horrela, toki-erakundeek aurreko bilkuretan adierazitako jarrerari eutsi diote eta berriro ere eskatu diote Nafarroako Gobernuari berariazko finantzaketa mekanismoak gaitu ditzala, udalerriei karrera administratiboa eta etorkizuneko lanpostuaren osagarria ezartzeak eragingo dizkien kostuei aurre egiteko.

Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak adierazi du Nafarroako administrazio publikoetan langileei eta beren antzinatasunari buruzko datuak biltzen ari dela, karrera administratiboa ezartzeak toki esparruan izango duen kostuaren estimazio zehatza egiteko. Era berean, Nafarroako Gobernuaren borondatea adierazi du neurri horrek administrazio publikoetan, toki-erakundeetan barne, sortuko dituen langileria kostuen finantzaketan parte hartzeko.

Aferak Nafarroako udalerrientzat duen garrantzia ikusita, toki esparruko ordezkaritzak eskatu du Nafarroako Gobernuak finantzaketan laguntzeko adierazitako borondate hori bilkuraren aktan jasota geratzeko.

Terrorismoaren Biktimei buruzko Foru Legea

Bilkura berean, Toki Araubideko Foru Batzordeak aldeko txostena eman du Terrorismoaren Biktimen Errekonozimenduari eta Erreparazioari buruzko Foru Legearen aurreproiektuaren inguruan. Aldeko txostena jaso dute, halaber, Hezkuntzako kontseilariak emaniko bi foru aginduren proiektuek, zeinen bidez garatzen baitira batetik, Haur eta Lehen Hezkuntzako eta, bestetik, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikastetxe publikoen antolakuntza eta funtzionamendu araubideak.

Toki Araubideko Foru Batzordea Nafarroako Gobernuaren eta NUKFk ordezkatzen dituen toki-erakundeen arteko parte-hartze eta koordinazio organoa da, Nafarroako toki administrazioaren eskumenei eta funtzionamenduari eragiten dieten arau-xedapenak aztertzeko. Irudian, aurreko Toki Araubideko Foru Batzorde baten bilkura.

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Volver arriba