Toki Administrazioko Departamentuak Toki Inbertsioen Planaren Toki Programazioko lehenengo bi lerroak onetsi ditu legealdia bukatzeko hilabete pasatxo geratzen denean
Toki entitateek egoera desblokeatzeko eskatu zuten berriro ere apirilaren 18ko Toki Araubideko Foru Batzordean. Oraindik ere onesteko zain daude sarerik gabeko zoladura lanak, zeharbideen urbanizazio-lanak eta udal eta kontzejuetako zuzkiduretarako lanak

Legealdia amaitzeko bi hilabete falta diren honetan, toki entitateek hornidurako eta saneamenduko sareak egiteko eta zoladura-lanak sareekin egiteko bere egunean aurkeztu zituzten eskaeretatik zeintzuk egin ahalko dituzten badakite dagoeneko. Izan ere, kaleratu egin baita Toki Inbertsioen Planaren barruan sartuko diren obren zerrenda.
Toki Inbertsioen Planaren kudeaketak atzerapen nabarmena izan duenez, obra horiek barne hartzen dituen finantzaketa lerroa Plana osatzen duten beste bi lerroetarako erabili behar izatea ekarri zuen 2022an. Hain zuzen ere, beste bi lerro horiek dira plan zuzentzaileak deiturikoa (Nafarroako Gobernuak erabakitzen dituen goi hornidurako eta hondakinekin lotutako obrak osatzen dutena) eta libreki erabakitzekoa deiturikoa (toki entitateek erabakitzen dituzten obrak).
Planaren atzerapena ikusita, NUKFren Batzorde Betearazleak erabaki bat onetsi zuen martxoaren 14an Nafarroako Gobernuari egoera desblokeatu zezala eskatuta. Handik hilabete igaro ondoren, orain, Departamentuak lehenengo bi zerrendak onetsi ditu baina oraindik ez ditu kaleratu sarerik gabeko zoladura lanei, zeharbideen urbanizazio-lanei eta udal eta kontzejuetako zuzkiduretarako lanei dagozkion zerrendak. Jesús María Rodríguez Toki Administrazioko zuzendari nagusiak apirilaren 21ean jakinarazi zuenez ordea, zain dauden zerrenda horiek laster argitaratuko dira eta, hortaz, toki entitateek jakingo dute, azkenik, haien obrak Toki Inbertsioen Funtsean sartuko diren eta, beraz, finantzaketa izango duten.