2024ko azaroak 27

Toki administrazioaren digitalizazioa eta modernizazioa sustatzeko plan bati heldu diote toki-erakundeek Nafarroako Gobernuarekin batera

Datozen urteetan gauzatuko diren Plan Estrategikoa eta Ekintza Plana azaldu zituen Politika Publikoen Plangintza, Koordinazio, Berrikuntza eta Ebaluazioko zuzendari nagusiak

Foto noticia

Nafarroako toki-erakundeek badute azkenik bere digitalizazio prozesua ontzeko plan estrategikoa eta plana gauzatzeko Nafarroako Gobernuko laguntza. NUKFk planaren ezarpenean ere lagunduko du, bereziki, langileen gaikuntzari dagokionez.

Toki-erakundeetako ordezkariek beren erakundeen egoeraren diagnostikoaren, plan estrategikoaren eta ekintza planaren berri izan zuten azaroaren 26an Tafallan izandako jardunaldi batean.

Saioan, Nafarroako udalerrien arteko heldutasun digitalari dagokionez ezberdintasun nabariak daudela agerian jarri zuten, toki-erakunde bakoitzaren tamaina, baliabide finantzarioak edo langile kopurua horretarako baldintza-faktore nagusiak izanik.  Horrela, biztanle kopuru handiena duten udalerriek heldutasun digital handiagoa dute irtenbide teknologiko aurreratuagoak hartu izanagatik edota gaitasun ekonomiko handiagoa eta giza-baliabide gehiago dutelako. Erakunde txikienek edo landa ingurunekoek aldiz, baliabide mugatuagoak dituzte eta horrek haien heldutasun digitalari eragiten dio zuzenean, digitalizazio maila apalagoa dutelarik.

Toki-erakundeentzako digitalizazioko Plan Estrategikoa
Toki-erakundeentzako Digitalizazioko Plan Estrategikoaren asmoa da toki-erakundeen digitalizazioan eta modernizazioan aurrera egitea era kohesionatuan eta lurralde egiturari erreparatzeko ikuspegiarekin,  zerbitzu publikoak herritarrei hurbiltzeko eta zerbitzu horiek irisgarriagoak bihurtzeko.
Honakoak dira planak oinarri dituen ardatz nagusiak: gaikuntza eta kontzientziatzea; azpiegitura teknologikoen modernizazioa; zibersegurtasuna eta informazioaren babesa; herritarrak ardatz dituen eraldaketa digitala; eta berrikuntza digitalizazioaren katalizatzaile gisa.

Epe laburrera begirako ekintzen artean, nabarmentzekoak dira, besteak beste: herritarrei eta toki-erakundeetako langileei trebetasun digitalen inguruko gaikuntza ematea; 20.000 biztanletik beherako udalerrien azpiegitura informatikoak Datuak Prozesatzeko Zentro batean zentralizatzea; kirol eta kultura instalazioetan bertaratzea eta aforoak kontrolatzeko sistemak ezartzea; zibersegurtasuneko gutxieneko politika argien eta amankomunen oinarrizko lerro bat ezartzea; 20.000 biztanletik beherako udalerrietan administrazio elektronikoko plataformak eta irtenbideak ezartzea eta hobetzea; toki-administrazioek ematen dituzten zerbitzuak herritarrentzat eta enpresentzat irisgarriagoak izateko omnikanalitatea erabiltzea; automatizazioa “bots” deritzonen bidez eta irisgarritasuna mugikorretik; udal errolda kudeatzeko sistemak modernizatzea; udaletako web-orriak optimizatzea tresna interaktiboak erabilita; edota herritarren parte-hartze digitalerako plataformak sustatzea.

Argazki oina

Jardunaldiko parte-hartzaileen taldeko argazkia.

 

Volver arriba