2025eko otsailak 5

Pirinioetako toki-erakundeetako 30 ordezkarik baino gehiagok hartu dute parte NUKFk despopulazioari aurre egiteko sustaturiko eztabaida prozesuan

Despopulazioari eta Landa Garapenari buruzko Legearen inguruan toki-erakundeen ekarpenak biltzeko saioek heldu den otsailaren 6an, ostegunean, segiko dute Allon

Foto noticia

Gobernuak egingo duen Nafarroako Despopulazioari eta Landa Garapenari buruzko Legearen inguruan toki-erakundeek dituzten ekarpenak jasotzeko abiaturiko parte-hartze prozesuarekin aurrera jarraitzen du Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKFk).  Astearte honetan, otsailaren 4an, Ariben egin dute aurreikusitako saioen artean bigarrena, Pirinioetako toki-erakundeetako 30 ordezkariren baino gehiagoren parte-hartzea izan duena.

Saioa urtarrilaren 28an Irunberrin egindakoaren ondotik etorri da eta udalerriek aurrez-aurre dituzten erronka nagusien inguruan sakontzea ahalbidetu du. Orain arte egindako saioetan adierazitako alderdi nabarmenenak honakoak dira:

  • Etxebizitza eskuratzeko arazoa. Udalerri askotan, birgaitu beharreko etxebizitza huts asko dago baina birgaitze-lanen kostu handia dela eta, zaila da lortzea etxe horiek erabiltzeko moduan jartzea. Horregatik, laguntza publikoak edukitzea ezinbestekotzat jo dute egoera horri aurre egin ahal izateko.
  • Landa ingurunean bizitzeak dakarren gainkostua. Bete-betean eragiten dio horrek familien ekonomiari bai eta toki garapeneko proiektuen bideragarritasunari ere.
  • Oinarrizko hainbat zerbitzu eskuratzeko arazoa. Herritarren bizi-kalitateari eta biztanle gehiago erakartzeko gaitasunari eragiten dio.
  • Indarreko araudia eta legedia egokitzeko beharra. Askotan, hiri inguruneetara egokituriko legedia diseinatzen dute eta ezinbestekoa da landa inguruneko udalerrien eta kontzejuen errealitatera egokituriko arauak egitea, udalerri horiek ezaugarri oso ezberdinak baitituzte. Era berean, beharrezkoa da toki-erakunde txikienentzat oso neketsuak eta zailak diren zenbait administrazio-izapide malgutzea.

Parte-hartze prozesuaren hurrengo topaketa Allon izango da, otsailaren 6an, Estellerriko udalerrietako beharrak eta proposamenak jasotzeko. Ondoren etorriko dira otsailaren 10eko saioa Irurtzunen (Larraun-Leitzaldea eta Sakana), otsailaren 13koa Garesen (Izarbeibar-Novenera eta Erdialdea), otsailaren 18koa Donezteben (Baztan-Bidasoa), otsailaren 20eko saioa Arguedasen (Erribera eta Erriberagoiena) eta otsailaren 25ekoa Arangurenen (Iruñerria). Saio sorta horri esker, Nafarroako eskualde guztietako ekarpenak jasoko dituzte.

Parte-hartze prozesua funtsezko aukera izango da landa ingurunearentzat, egitekoak diren Despopulazioari eta Landa Garapenari buruzko Legean era aktiboan parte-hartzeko. Toki-erakundeen inplikazioa ezinbestekoa da lege horrek eta aurrerago egingo direnek lurraldearen beharrak benetan asebete ditzaten eta gure udalerrien erronka demografikoari eta garapen jasangarriari eraginkortasunez heldu ahal izateko.

Volver arriba