Parlamentuak toki entitateentzat onetsitako 25 milioiko partida zertarako bideratu eztabaidatu du NUKFren Batzorde Betearazleak
Federazioaren Batzorde Betearazleak Covid-19aren ondorioz sortutako krisiaren alorrean Palamentuak toki entitateentzat onetsitako 25 milioiko partida zertarako bideratu eztabaidatu zuen ekainaren 9an egindako bilkuran.
25 milioi Covid-19aren krisiagatik. Federazioaren lehendakariak jakinarazi zuen Nafarroako Gobernua Parlamentuak onetsitako partida banatzeko modua aztertzen ari dela toki entitateek koronabirusaren krisiagatik jasandako ondorio ekonomikoei aurre egin diezaieten. Gaiaren inguruan eztabaidatu ondoren, Mario Fabo lehenengo lehendakariordeak azpimarratu zuen garrantzitsua dela NUKFk Gobernuarekin banaketaren kontzeptuak negoziatu ahal izatea Gobernuak behin betiko proposamena eduki baino lehen. Horrenbestez, behin banaketari buruzko testua dutenean hura Batzorde Betearazlearen kideei igortzea adostu zuten. Bilkura berean adierazi zenez, partida hori ezberdina izan behar da Federazioak asmo handiagoko Toki Inbertsioen Plan bat sortzeko eskatzen ari denari dagokionez.
Espainiako Udal eta Probintzien Federazioak (FEMPek) Estatuko Gobernuari eginiko proposamenak. Espainiako Udal eta Probintzien Federazioak (FEMPek) Covid-19aren dela medio Espainiako Gobernuari finantzazioaren alorrean egindako proposamenak azaldu zituen NUKFren lehendakariak. Bi proposamen nabarmendu zituen: batetik, aurrekontuen egonkortasunaren araudia malgutzea aurreko urteetako gerakina erabili ahal izateko eta, bestetik, funts bat sortzea, ekonomia suspertzeko 5.000 milioi euro eta hiri-garraioan sortutako defizitari aurre egiteko beste 1.000 euro izanen dituena. Gainera, FEMPek eskatu du Europar Batasunetik Espainiara iritsiko diren funtsetatik % 14,6 udalerriei ematea portzentaje hori delako udalerriek gastu publikoari egiten dioten ekarpena.
Horri dagokionez, NUKFren lehendakariak Iruñerriko Mankomunitatearen lehendakariarekin eta lehendakariordearekin izandako bilera gogora ekarri zuen. Bertan, mankomunitateak jakinarazi zuenez Iruñerriko hiri-garraioa eta hiriartekoa defizita sortzen ari dira eta estatuko funts hori baliatu ahal izatea eskatu zuten edo Nafarroako Gobernuaren ekarpen bat eskatu zuten Gobernu zentralak Hitzarmen Ekonomikoaren baitan Nafarroari kontzeptu horretarako baliabiderik ematen ez badizkio.
Ohiko batzorde eta kontseiluak. Gobernuko eta beste entitate batzuetako, FEMP kasu, kontseilu eta batzordeetako NUKFren ordezkariek hogeiren bat bileratan parte hartu dute azken asteotan. Hona hemen bilkura horietatik gairik esanguratsuenak:
Hondakinen Funtsa arautzeko foru dekretuaren proiektua. Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko Foru Legeak sortu zuen Hondakinen Funtsa. Funts hori berrerabili edo birziklatu gabeko hondakinen isurketa zergapetzeko eta kudeaketaren hobekuntza finantzatzeko lege berak prestatutako hondakinen kanonetik elikatuko den baliabide ekonomikoa da. Nafarroako Gobernuak funtsaren banaketa arautzen duen dekretua aurkeztu zion Toki Araubideko Foru Batzordeari eta toki ordezkariek kontrako txostena eman zioten hondakinak hobe kudeatzen dituzten entitateei mesede egiten ez ziola iritzita.
Despopulazioa. Despopulazioaren kontra borrokatzeko Batzordeak bilkura egin zuen maiatzaren 11n. Bertan jorratutako gai nagusia Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak azaldu zuen banda zabaleko plana izan zen. Plan horren helburua 2024rako Nafarroako toki guztietara iristea da.
COVID-19ari buruzko batzordeak. Organo iraunkorrek egindako bilerez gain, Federazioaren ordezkariek COVID-19aren krisiaren ondorioz abiatutako zenbait topaketatan eta forotan parte hartu dute. Besteak beste, honakoak dira aipagarrienak:
Trantsizioa kudeatzeko batzordea. Foro hori zenbait ekonomia eta gizarte alorreko 13 ordezkarik eta adituk osatzen dute eta Nafarroako Gobernuari deseskalatzean aholkularitza ematea du xede. Foro horretan, NUKFren lehendakariak ere parte hartzen du toki entitateak ordezkatuz eta, bertan, astez aste egin diren bilkuretan momentuko gai interesgarrienak adierazi ditu. Egin dituen hainbat proposamenen artean, adierazgarrienak herritarrentzako segurtasun eta osasun neurri sorta, ekonomia suspertzera bideratutako beste neurri sorta bat eta toki zerbitzuei eta horien berrabiatzeari loturiko beste bat izan dira. Azken saioetan, Federazioaren lehendakariak ikasturte berria prestatzen hasteko beharra adierazi zuen.
Deseskalatzea kirolean. Federazioaren ordezkari batek Kirolean Deseskalatzea kudeatzeko Batzordeak eginiko bilkuretan parte hartu du. Batzorde hori Nafarroako Kirolaren Institutuak abiatu zuen kirolaren sektorearekin eta toki entitateekin informazioa partekatu, zalantzak argitu eta proposamenak jasotzeko. NUKFk zenbait instalazioen irekieraren, protokoloen, edukieraren eta abarren inguruko kezkak adierazi ditu bilera horietan.
Adinekoen egoitzetako arreta soziosanitarioa. Bestalde, NUKFk bilera batean parte hartu zuen non Gobernuak azaldu baitzuen laguntza zentroetan jarduera soziosanitarioa antolatzeko unitate espezifiko bat sortu zela, bi alderdien arteko koordinazioa areagotzeko. Covid-19aren krisiagatik, gainera, gai horri arreta bereziarekin heldu zitzaion.
Beste foro batzuk. Horretaz gain, NUKFk Covid-19arekin eta deseskalatzearekin lotutako bestelako gaiak lantzeko beste bilkura batzuetan ere parte hartu du. Besteak bete, honako foroetan egon da: ikastetxeetara itzultzeko prozesuaren inguruan lanean ari den Eskola Kontseiluko Batzorde Iraunkorrean; turismo arloan krisiari aurre egiteaz gain, 20-22. Ekintza Plana egiteko lanetan murgildurik dagoena; merkataritza arloan deseskalatzearen inguruko gaiak jorratzeko; eta haurtzaroa eta nerabezaroaren inguruko mahaian udan haur eta nerabeentzako jardueren inguruan aritzeko.
Atxikitzeak. Batzorde Betearazleak aintzat hartu zuen Mendivilko kontzejuaren atxikitze-eskaera.
Larrialdiko laguntza eta Oporrak Bakean programa. Batzorde Betearazleak Zaporeak GKEari larrialdiko laguntza gisa 2.500 euro ematea onetsi zuen 2.000 pertsona ingururi jaten emateko sukaldeak mantentzeko Moriako errefuxiatuen kanpalekuan, Lesbosen, Grezian. Halaber, UNRWUA Nazio Batuen agentziari beste 7.500 euro ematea onetsi zuen errefuxiatu palestinarren kanpalekuak hornitu eta elikadura-arreta emanez Covid-19a prebenitzeko.
Horretaz gain, aurten Oporrak Bakean programaren baitako haur sahararrak Nafarroara etorriko ez direla jakinik, programa kudeatzen duen GKEak eta Saharako Ilargi-erdi Gorriak berak eskatuta, NUKFk udako programa kudeatzeko bideratzen dituen 2.000 euroak kanpalekuetan haur horientzako jarduerak egiteko eta elikagaiak erosteko bideratzea onetsi zuen Batzorde Betearazleak.
Nafarroako Gobernuaren eta NUKFren arteko akordioa zenbait gairen inguruko gomendioak emateko: festak, igerilekuen irekiera, aisialdiko jarduerak etab. Lehendakariak azaldu zuenez, akordio hori gaia hainbat bileretan hizpide izan ondoren etorri zen eta, azkenean, Batzorde Betearazlearen kideen iritzira jarri zen. Erantzun zuten gehiengoek aldeko iritzia eman zuten.
Autokarabanak. Idazkari nagusiak jakinarazi zuen ezinegona sortu dela zenbait autokarabanek baimendutako eremuetan aparkatzeko araudia, bertan kanpatzeko jarduerak debekatzen dituena, betetzen ari ez direlako. Hori dela eta, udalen aldetik kontrol handiagoa eskatu zen. NUKFk adierazi zuenez, egunotan udaltzainak lanez gainezka daude.
Egoitza-zentroen araudi berria. Azkenik, idazkari nagusiak Nafarroako Gobernuak egoitza-zentroak baimentzeko aurkeztutako foru dekretuaren proiektuaren berri eman zuen. Horren arabera, autonomia hobetzeko jarduera plan bat exijituko dute baita egoitzetako erabiltzaileen ratio hobeak ere. Lehendakariak gogorarazi zuen, egoitza-zentroen oreka ekonomikoa kontuan hartu beharra dagoela. Dokumentua Toki Araubideko Foru Batzordearen kideei helaraziko zaie.
