2026ko otsailak 25

Osasun Departamentua eta toki-erakundeak lankidetzan arituko dira herritarren artean osasuna sustatzeko

Fernando Domínguez kontseilaria Xabier Alcuaz NUKFko lehendakariarekin bildu da oinarrizko osasun-laguntzan Osasun Komunitarioko Estrategia aurkezteko eta herritarren ongizatea eta osasuna hobetzeko lankidetzan aritzeko.

Foto noticia

Nafarroako Gobernuko osasuneko kontseilari Fernando Domínguezek gaur goizean aurkeztu dio Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakari Xabier Alcuazi Nafarroako oinarrizko osasun-laguntzako Osasun Komunitarioko Estrategia. Domínguezek azaldu duen moduan, proiektu horren xedea herritarren osasuna sustatzea da pertsonen osasuna baldintzatzen duten determinatzaile sozialak kontuan harturik. Eta, horretarako, toki-erakundeen lankidetza eta inplikazioa funtsezkoa da, lankidetza osasun kolektiboa hobetze aldera gizarte osasuntsuagoa eta kohesionatuagoa eraikitzeko bidea baita.

Bilkuran izan dira Marian Nuin NOPLOIko kudeatzailea; Ana Zambrana Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zainketen, Etxeko Arretaren, Arreta Soziosanitarioaren eta Ekintza Komunitarioen zuzendariordea; eta Arantxa Legarra Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko (NOPLOIko) Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Ataleko erizaina; proiektuaren koordinatzaileak baitira.

NUKFren izenean bertan izan dira aldiz, Xabier Alcuaz lehendakaria, eta horrekin batera, Berta Enrique idazkari nagusia eta Ibai Fernández Federazioko teknikaria.

NUKFko lehendakariak toki-erakundeek herritarren osasunarekiko duten konpromisoa balioetsi du, bai alderdi fisikoari bai mentalari dagokionez, eta azpimarratu du arlo horretan aurrera egiteko ezinbestekoa dela baliabide nahikoak, teknikoak eta ekonomikoak, edukitzea. Zentzu horretan adierazi du garrantzitsua dela toki-erakundeetako teknikariei eta hautetsiei zuzenduriko prestakuntza indartzea, osasunaren ikuspegia udal ekintzan txertatzea errazteko eta ingurune eta komunitate osasungarriagoak sustatzeko.

Era berean, Alcuazek osasun zentroen eta bertako profesionalen funtsezko egitekoa azpimarratu du, bereziki udalerri txikienetan, bertan baliabideak mugatuagoak direlako eta hurbileko arreta giltzarri delako lurralde osoan ongizatea eta ekitatea bermatzeko.

Toki politikek gure osasunean eragina dute

Ebidentzia zientifikoak argi utzi du ditugun bizi-baldintzak herritarren osasun egoeran eragin handiena duten faktoreak direla. Hiri-ingurunea, enplegua, diru-sarrerak, etxebizitza, hezkuntza, harreman sozialak, zerbitzuak eskuragarri izatea, mugikortasuna, gune publikoak edo ingurumena dira osasunaren determinatzaile sozial gisa ezagutzen ditugunak.

Horrela, determinatzaile horiek kontuan hartuko dituen ikuspegi zabalago batetik osasunari heltzeko eta osasun sistemaren eta beste eragile sozial eta instituzionalen arteko lankidetza ahalbidetzeko asmoz, Osasunbidea Nafarroako osasun Zerbitzuak aipatu Estrategia abian jarri zuen 2025ean.

Toki-erakundeen egiteko estrategikoaz jabeturik, Osasun Departamentuak NUKFri aurkeztu dio Estrategia toki-erakundeen artean zabaltzeko eta lankidetzan aritzeko. Helburua da osasunaren ikuspegia udal politika publiko guztietan txertatzea osasun arazoak prebenitzeko, desparekotasunak murrizteko eta herritar guztientzako ingurune osasungarriagoak ahalbidetzeko.

Bilkuran, Foru Komunitateko zenbait auzotan eta udalerritan adinekoen, migratzaileen, emakumeen, haurren eta abarren osasuna hobetzeko garatutako esperientziak nabarmendu dira. Horietan, jarduera fisikoaren sustapena, nahi ez den bakardadearen prebentzioa eta herritarren arteko sareen sendotzea lantzen da.

Estrategiaren talde eragileak azaldu duenaren arabera, komunitate baten osasuna hobetzeko, administrazio publikoen, osasun sistemaren, gizarte-sarearen eta herritarren inplikazioa behar da.

Irudian, ezkerretik eskuinera: ISPLNko gerentea, Marian Nuin; NUKFko idazkari nagusia, Berta Enrique; Zaintzako, Etxez Etxeko Arretako, Arreta Soziosanitarioko eta Ekintza Komunitarioetako zuzendariordea, Ana Zambrana; NUKFko presidentea, Xabier Alcuaz; Domínguez kontseilaria; ISPLNko politika guztietan Osasuna eta Osasuna Sustatzeko Ataletako erizaina, Arantxa Legarra; eta NUKFko Komunikazio arduraduna, Ibai Fernández

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Volver arriba