NUKFren beste parte-hartze topaketa bat Allon, Despopulazioaren eta Landa Garapenaren alorrean egitekoak diren legeari heltzeko
Parte-hartze saioak toki esparruko ordezkariei zuzendurik daude, despopulazioaren erronka sozial eta demografikoari aurre egiteko dituzten ekarpenak jasotzeko

Allon izan da Despopulazioari eta Landa Garapenari buruzko Legearen inguruan ekarpenak jasotzeko gauzatu duten azken parte-hartze topaketa, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKFk) sustaturikoa. Saioan 40 pertsona inguruk hartu zuten parte, Estellerriko eskualdean arazo horrek eragiten duen interesa islaturik. Jasotako proposamenak despopulazioarekin loturik aurrerago egingo dituzten beste araudi batzuentzat ere oinarri gisa baliatuko dira, izan ere toki-erakunde askok aurrez-aurre duten arazoa baita.
Saioan zehar, parte-hartzaileek zenbait proposamen egin zituzten eremuko erronka demografikoari aurre egiteko. Agerian utzi zuten despopulazioak kalteturiko udalerrientzat laguntza fiskal espezifikoak ezartzeko beharra, herritarren jarduera ekonomikoa suspertzeko eta bizi-baldintzak hobetzeko. Era berean, dirulaguntzak eskuratu ahal izateko administrazio-izapideak errazteko garrantzia nabarmendu zuten, udalerri txikiek beren gain hartu ezin dituzten baldintza ekonomikoak ekiditeko. Izan ere, udalerri horiek askotan, ez baitituzte baliabide nahikorik halako dirulaguntza prozesuak kudeatzeko.
Eztabaidagai izan zuten, halaber, turismoak eragile ekonomiko gisa eta eskualdera herritar berriak erakartzeko tresna moduan duen garrantzia. Tokian tokiko alderdi erakargarriak akuilatzeko eta sektore horren garapen jasangarria bultzatzeko estrategiak sustatzea proposatu zuten. Gainera, hiriarteko garraio zerbitzua hobetzeko premia nabarmendu zuten, herritarren arteko mugikortasuna errazteko eta konexio gabeziak udalerri horien isolamendua eragin ez dezan.
Azkenik, azpimarra berezia jarri zioten despopulatzeko arriskua duten udalerrietan etxebizitza publikoa sustatzeko beharrari. Gainera, hirigintzako araudia malgutzeko garrantzia ere nabarmendu zuten, etxebizitzen erosketa eta birgaitzea errazteko; modu horretan, herrietara bizitzera joango diren bizilagun berriak erakartzeko eta udalerrietan bizitza dinamizatzeko.
Ekimen horiek guztiak Foru Komunitatean antolaturiko beste topaketa-saioetan jasotakoekin batera bilduko dira landa ingurunearen beharrei buruzko ikuspegi global eta adostua erakundeei helarazteko.
Parte-hartze prozesuak aurrera egingo du otsailaren 10ean Irurtzunen (Larraungo Eskualdea eta Sakana); 13an Garesen (Izarbeibarko Eskualdea eta Erdialdea); 18an Donezteben (Baztan-Bidasoako Eskualdea); 20an Arguedasen (Erriberako Eskualdea eta Erriberagoiena); eta otsailaren 25ean Arangurenen (Iruñerria).
NUKFk bilkura horietan era aktiboan parte-hartzeko deia egin du, Nafarroako udalerrien errealitateari eta eskaerei erantzungo dien lege bat eraikitzeko.
Irudian, Irunberrin izandako saioaren tarte bat.