NUKFko eta EUDELeko lehendakariek bi erakundeen lankidetzarako gaiak jorratu dituzte
Nafarroako Federazioaren egoitzan bildu dira asteazken honetan
NUKF Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakari Xabier Alcuazek eta EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteko lehendakari Esther Apraizek gaur goizean bilkura egin dute Nafarroako Federazioaren egoitzan, bi erakundeen artean lankidetzan aritzeko arloak aztertzeko eta beste zenbait gairen inguruko informazioa trukatzeko. Bilkuran izan dira, halaber, EUDELeko lehendakariorde Nagore Alkorta, NUKFko idazkari nagusi Berta Enrique eta EUDELeko zuzendari nagusi María del Mar Zabala.
Udalgintzako bi erakundeek udalerriek herritarren mesedetan dituzten erronkei aurre egiteko proiektuak eta jarduketak trukatu dituzte. NUKFk eta EUDELek toki autonomia eta finantza nahikotasuna defendatzea dute xede nagusi, tokiko erakundeak indartzeko eta pertsonekiko hurbilen dauden politikak eta zerbitzuak hobetzen jarraitzeko bi ardatz nagusiak direnak.
Horrela, bilkuran zehar, erakunde bakoitzaren egoera eta ekimenak izan dituzte hizpide honako arloekin lotuta: despopulazioa, egoera zaurgarrian dauden pertsonak erroldatzeko protokoloak egitea, migratzaileen harrera eta integrazioa eta berdintasuneko politikak eta indarkeria matxistaren kontrakoak sustatzeko udalerrien sareen ereduak. Azken gai horren inguruan, EUDELeko ordezkariek Berdinsarea delako sarearen ezaugarriak azaldu dituzte. Sare hori udalek gidatzen dute EUDELen eta Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen sustapenarekin.
Bi federazioetako ordezkariek beste hainbat gai jorratu dituzte: langileen egonkortze prozesuen egoera, udaletan idazkaritzako eta kontu-hartzailetzako langileak edukitzeko zailtasuna, trantsizio ekosozialerako politikak eta euskararen normalizaziorako politikak.
Halaber, toki-erakundeetako politikari eta teknikarientzako formakuntza eta digitalizazio prozesuak eta administrazio elektronikoaren ezarpena hizpide izan dituzte.
Azkenik, EUDELeko lehendakariak NUKFko lehendakariari euskal erakundearen egoitzara laster bisitan joateko gonbidapena luzatu dio.
Argazki oina
NUKFko eta EUDELeko lehendakariek bilkuraren berri eman diete hedabideei.