Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKFk) gaur, ostiralarekin, Iruñean berretsi egin ditu 2025eko Kudeaketa Txostena, 2024ko Kontuak, 2026rako Jarduketen Programa eta datorren urterako aurrekontua. Batzarrean, 59 toki-erakunderen ordezkariek hartu dute parte: 51 udalerri, 3 kontzeju eta 5 mankomunitate.
Modu horretan, Federazioak toki esparruaren eta Nafarroako erakunde eta gizarte antolakundeen artean duen solaskide lana eta laguntza teknikoa ematekoa indartu ditu eta datorren urtean udal eta kontzejuen interesak, eta bereziki txikienenak, defendatzeko egingo duen lana gidatuko duten lerro estrategikoak ezarri ditu.
Horretarako, 2026rako Jarduketen Programak despopulazioaren aurka egitea jartzen du urte horretarako lehentasunen artean. 2025ean egindako parte-hartze prozesuaren ondoren, NUKFk hurbiletik jarraituko du etorkizuneko Despopulazioari eta Landa Garapenari buruzko Legearen tramitazioa bai eta toki esparruari eragin diezaioketen gainontzeko arauak ere. Helburua da arau-testuek neurri zehatzak, baliabide nahikoak eta toki esparruaren ikuspegia txertatzea funtsezkoak diren arloetarako; hain zuzen ere, etxebizitza arlorako, garraio publikorako, komunikazioetarako, konektagarritasun digitalerako, oinarrizko zerbitzuetarako eta finantziaziorako.
Bigarren lerro estrategiko handia etxebizitza izango da. Federazioak ahaleginak areagotuko ditu berriki izan diren arau-aldaketen aurrean toki-erakundeei laguntza emateko. Horretarako, Nafarroako etxebizitzaren errealitatea hobe ezagutzeko ikerlanak bultzatuko ditu, etxebizitza hutsak mobilizatzeko tresnak sustatuko ditu eta berariazko prestakuntza eskainiko du. Besteak beste, ordenantza eredu bat egingo du etxebizitza hutsak zergapetzeko, udalek oinarri sendoa izan dezaten zerga hori aplikatzeko.
Berdintasuna eta herri ondarea
Hirugarren lerro estrategikoa emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna izango da. NUKFk baliabide tekniko propiorik gabeko erakundeei laguntza teknikoa ematen jarraituko du, berdintasunaren aldeko toki-erakundeen sarea abiatzea espero duen urte berean. Helburua da sarea gune bizia izatea, toki-erakundeei baliabideak, prestakuntza eta esperientzien trukea eskainiko diena eta Nafarroako udalgintzak berdintasunarekiko eta indarkeria matxistaren modu guztien aurkako borrokarekiko duen konpromisoa ikusgarri egiteko gaitasuna ere izango duena.
Ondare publikoa eta herrikoa defendatzeari dagokionez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarekiko hitzarmenarekin jarraitzea berretsi du Batzarrak Elizak egindako immatrikulazioak ikertzen jarraitzeko. Aurten egindako lanaren ondoren (174 toki-erakunderen 26 finka aztertu dira), 2026an proiektuari beste bultzada bat emango zaio txosten indibidualizatuak prestatuz orain arte hitzarmenari atxikitako 145 toki-erakundeek, jakinaren gainean, zein urrats emango dituzten erabaki ahal izateko beren herri-ondasunak defendatzeko.
1,5 milioiko aurrekontua 2026rako
Jarduketen Programak beste lehentasun batzuk ere baditu toki administrazioaren digitalizazioaren, 0-3 hezkuntza zikloaren, jasangarritasunaren, klima aldaketaren eta bide-segurtasunaren arloan. NUKFk, halaber, beste erakundeetako eragileekin eta gizarte eragileekin duen lankidetzari eutsiko dio eta toki-erakundeei eskaintzen dizkien zerbitzuak mantenduko ditu: aholkularitza juridikoa, ekonomikoa eta teknikoa eta berariazko laguntza udal eta kontzeju bat bera ere bakarrik sentitu ez dadin eguneroko udal kudeaketaren erronken aurrean.
Datorren urteko aurrekontu bateratuari dagokionez, Batzarrak hori ere onetsi baitu, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak 1.509.918 euroko finantziazioa izango du; 202.552 euro gehiago. Igoera hori gertatu da, hein handi batean, toki-erakundeek Lankidetza Funtsari egingo dioten ekarpena handiagoa izango dela aurreikusten delako; 367.200 eurokoa izango da ekarpena, aurreko urtean baino 100.000 euro gehiago alegia. Federazioaren jardunak ere aurrekontu orokorraren igoera eragin du, % 10,72 igo baita jarduerari loturiko aurrekontua, 968.568 eurotan ezartzeraino, herri ondasunak ikertzeko eta berdintasun politikak sustatzeko Nafarroako Gobernuarekin aurreikusitako hitzarmenak direla eta. Hitzarmenek 50.000 euroko eta 60.000 euroko zuzkidurak dituzte, hurrenez hurren. Gora egin dute, halaber, toki-erakundeen langileei zuzenduriko Etengabeko Prestakuntza Planarentzako funtsek; 180.000 eurotara iristeraino (% 5,14). Concejo aldizkariaren aurrekontua ordea, bere horretan mantendu da, 54.200 eurotan (-% 0,55).
Lankidetzarako Toki Funtsaren erakusketa
NUKFren Batzarrean, “Ekintza txikiak aldaketa handiak. Herri txikienak ere mundua alda dezake” izeneko erakusketa aurkeztu dute. Erakusketak Garapen Lankidetzako Toki Funtsak 2025ean finantzaturiko proiektuak biltzen ditu 16 paneletan. Toki funtsa NUKFk koordinatzen du eta Nafarroako 127 toki-erakundek baino gehiagok hartzen dute parte bertan. 13 proiektu daude ikusgai, beste horrenbeste GGKEek batazbeste jasotako 24.000 euroko dirulaguntzari esker gauzatuak. Horiekin batera, Funtsa Barañaingo, Burlatako eta Eguesibarko udalekin eta Iruñerriko Mankomunitatearekin batera Ruandan gauzatzen ari den hiru urteko proiektua ere ikus daiteke. Erakusketa ibiltaria da eta Funtsean parte-hartzen duten toki-erakundeen eskura egongo da datorren urtean.