NUKFk zenbait hitzarmen izenpetuko ditu Nafarroako Gobernuarekin Elizak immatrikulaturiko balizko herri-ondasunen inguruan eta toki entitateei energia alorreko eta Ecoembesekin izenpetuko den hitzarmen berriaren inguruko aholkularitza emateko
Batzorde Betearazleak, halaber, komunikazio arloko arduradunaren lanpostua betetzeko deialdia onetsi zuen

NUKFko Batzorde Betearazleak, Nafarroako Gobernuarekin izenpetuko dituen zenbait hitzarmenen edukia onetsi zuen uztailaren 2an. Herri-ondasunen balizko berreskurapenarekin eta ontziak biltzeko eta birziklatzeko Ecoembesekin izenpetuko den hitzarmen berriaren inguruan toki entitateei aholkularitza ematearekin daude loturik hitzarmenak. Horretaz gain, energiaren alorrean toki entitateei aholkularitza emateko hirugarren hitzarmen bat ere izenpetzeko urratsak zertan diren jakin zuen Batzordeak.
Nafarroako Gobernuarekin hitzarmena Elizak immatrikulaturiko ondasunen zerrendan balizko herri-ondasunak dauden aztertzeko. Batzorde Betearazleak hitzarmen horren eredua onetsi zuen. Hauek dira alderdietako bakoitzak beregain hartuko dituen zereginak:
Landa Garapeneko Departamentuak aztertu eta sailkatu egingo ditu Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak emaniko zerrendan ageri diren 2.952 ondasunak, eta horien titularrak egiaztatuko ditu egungo Katastroan eta Jabetza Erregistroan. Ondoren, NUKFri lortutako informazioa emango dio azken horrek ondasunen azterketa eta ikerketa abia dezan.
NUKFk aipatu zerrendan herri-ondasunik dagoen jakiteko ikerketa teknikoa egingo du hitzarmenari atxikitzen zaizkion toki entitateen kasuan.
Nafarroako Gobernuarekin hitzarmena toki entitateei aholkua emateko Ecoembalajes España S.Arekiko esparru-hitzarmenaren zirriborroari eta hari atxikitzeari buruz. Batzordeak hitzarmen horren testua onetsi zuen. Hitzarmen horri jarraiki, NUKFk laguntza teknikoa kontratatuko du Ecoembes enpresak birziklatzeari buruzko araudi berriaren barruan igorritako hitzarmen-proposamenarekin lotuta toki entitateei aholkularitza emateko.
Nafarroako Gobernuarekin hitzarmena energia alorrean toki entitateetako langileei zuzenduriko prestakuntza antolatzeko. Federazioko lehendakariak aipatu hitzarmenak azaltzeaz gain energiaren alorreko beste horren prestaketaren berri ere eman zion Batzorde Betearazleari. Hitzarmenak, printzipioz, arlo horri buruzko gida bat egitea eta toki langileen prestakuntza izango ditu xede.
Beste gai batzuk
Batzorde eta kontseilu sektorialetako ordezkariak:
- Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurka Borrokatzeko Nafarroako Kontseilua. Ekaineko saio arruntean, honakoak izendatu zituzten kontseilu horretan toki entitateen ordezkari gisa aritzeko: Berta Arizkun Burlatako alkatea; Iruñeko Udaleko ordezkari bat; eta Silvia Sesma Etxarri Aranazko oinarrizko osasun eremuko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko burua. Uztailaren 2ko bilkura berezian ordea, ordezkari bakoitzeko ordezkoak izendatu zituzten kulturen arteko bizikidetzarako planak eta horiek garatzeko teknikariak dituzten toki entitateen artetik.
- Nafarroako Foru Komunitateko administrazioa eta Nafarroako toki entitateak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan koordinatzeko batzordea. Honakoak izendatu zituzten: Amparo Viñuales Erronkariko alkatea (ordezkoa: Berta Enrique NUKFko idazkari nagusia), Tirso Calvo Ribaforadako alkatea (ordezkoa: Iruñeko Udaleko ordezkari bat), Itziar Imaz Garesko alkatea (ordezkoa: Susana Castaneda Jurramendiko Mankomunitateko burua).
NUKFko komunikazio arloko arduraduna ordezkatzea erretiroa hartuko duelako. Batzordeak errelebo-kontratua adostu zuen Federazioko komunikazio arloko arduradunaren lanpostua betetzeko eta dagokion deialdia onetsi zuen.