2025eko ekainak 13

NUKFk UNRWA erakundearentzako larrialdiko laguntza onetsi du Gazako egoera humanitarioa dela eta

Horretaz gain, Federazioak Oporrak Bakean programaren estatuko topaketa babestuko du baita Saharako Ilargi Erdi Gorriaren hautagaitza ere Elkartasunaren Nafarroa Sarian

Foto noticia

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren (NUKFren) Batzorde Betearazleak egindako azken bilkura arruntean, 2.500 euroko ekarpen ekonomikoa onetsi du UNRWA Palestinako errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziarentzat, Gazako Zerrendako egoera humanitario larria artatzeko.

Funtsak NUKFk aurrekontuan laguntza humanitariorako duen diru-partidaren kargura finantzatuko dira eta oinarrizko giza baliabideak bermatzeko erabiliko dira; elikadura, ura, osasun arreta, hezkuntza eta Palestinako errefuxiatu zaurgarrienen babesa bermatzeko alegia. UNRWAk emaniko datuen arabera, Israelgo indarrek 2023ko urriaren 7az geroztik hasitako eraso armatuek 54.000 pertsona hil dituzte, horien artean 16.000 haur baino gehiago, eta errefuxiatuen biziraupenarekin bateragarriak ez diren bizi-baldintzak eragin dituzte.

Bestalde, NUKFren Batzorde Betearazleak ANAS Nafarroako Sahararen Lagunen Elkartea GGKEarekin lankidetzan aritzea erabaki du, 2.000 euroko ekarpena eginez “Oporrak Bakean” programaren estatuko topaketaren gastuen zati bat ordaintzeko. Topaketa Iruñean izango da irailaren 26an, 27an eta 28an. Hitzorduak zenbait lurraldetako eta erakunde solidariotako ehun pertsona inguru bilduko ditu eta aipatu programa koordinatzeaz gain, gure komunitateak saharar herriarekin duen lotura solidarioa ikusarazteko eta sendotzeko ere balioko du bai eta herritarrei Mendebaldeko Sahararen errealitatea hurbiltzeko ere.

Azkenik, Batzorde Betearazleak Saharako Ilargi Erdi Gorriaren hautagaitzari babes instituzionala adieraztea erabaki du 2025eko Nazioarteko Elkartasunaren Nafarroa Sarian. Modu horretan, NUKFk bat egin du Asociación de Trabajadores y Técnicos sin Fronteras (ATTsF) GGKEak, Saharako Ordezkaritzarekin eta Nafarroako Movimiento Solidario erakundearekin lankidetzan, sustatutako ekimenarekin.

NOTICIAS RELACIONADAS

Volver arriba