Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKFk), Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuarekin eta UNICEF Nafarroako Batzordearekin elkarlanean, “Nire udalerriak haurrak babesten ditu indarkeriaren aurrean” izeneko jardunaldiak antolatu ditu Foru Komunitateko udaletako eta mankomunitateetako politikari eta teknikarientzat.
Prestakuntza saio horiek LOPIVI Haurrak eta Nerabeak Indarkeriaren aurrean Babesteko Lege Organikoak eta Haur eta Nerabeei Arreta eta Babesa Eman eta Haien Familiak, Eskubideak eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Legeak ezarritako arau-esparru berria dela eta prestatu dituzte. Lege horiek toki-erakundeen zeregina sendotzen dute haurrekiko edo nerabeekiko edozein motatako indarkeria mota hauteman eta horren aurrean jarduteko.
Toki-erakundeak herritarrekiko hurbilago daudenez gero eta lurraldean zuzenean esku-hartzeko gaitasuna dutenez, giltzarri dira haurrentzako eta nerabeentzako babes-ingurune seguruak eraikitzerakoan. Horregatik, NUKF lanean ari da toki-erakundeei informazioa, baliabideak eta prestakuntza guneak emateko aipatu konpromiso hori bermeekin bete dezaten.
Udalerrien errealitatera egokituriko programa
Jardunaldien helburu nagusia toki-erakundeei indarreko lege-esparruaren berritasunen inguruko informazioa ematea da eta legeak toki-erakundeei esleitzen dizkien betebeharren eta eskumenen berri ematea. Gainera, UNICEF Espainiak egindako gida aurkeztuko dute; udalerriei haurren aurkako indarkeria prebenitzen eta toki esparruan gune seguruak sustatzen laguntzeko gida alegia.
Hitzordu berean, erakundeen babes-proposamen bat ere eskainiko da udalek eta mankomunitateek ekintza zehatzak abia ditzaten errazteko.
Jardunaldiak maiatzean izango dira, 10:00etatik 12:15era, Tuteran (maiatzak 6, Erriberako Mankomunitatea), Bertitzen (9an Bertizko Jauregian), Lizarran (13an Jurramendiko Mankomunitatean) eta Iruñean (maiatzak 16, Fuerte del Príncipe kirol egoitza. Goroabe kalea, 36).
Jardunaldietan parte hartu nahi duten pertsonek honako estekan izena eman dezakete:
Izen-emate inprimakia