Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKFk) energia kudeatzeko gida bat igorri die toki-erakundeei hautetsi eta teknikarientzako laguntza-tresna gisa. Gidaren helburua da plangintza eta erabakiak hartzea erraztea zerbitzu publikoetan, udal gastuan eta herritarren ongizatean eragina duen arlo horretan, eta bereziki erabilgarria da gaitasun tekniko txikiagoa duten udal eta kontzejuetan.
Gida egitearekin batera, Federazioak hautetsiei eta teknikariei zuzenduriko trebakuntza programa bat egin du, udal esparruan energia-kontsumoaren gune nagusien inguruko ezagutza praktikoak eskaintzeko asmoz. Programak saio teoriko eta praktiko bana barne hartu ditu udal instalazioetako energia-kudeaketaren inguruan.
Azken hilabeteetan, berariazko ikastaroak eskaini dira ere bai, toki esparruan trantsizio energetikoaren eta klima aldaketaren erronkari buruz; klima aldaketaren aurkako borrokan eta trantsizio energetikoaren arloan udal jarduketen alderdi juridikoei buruz; eta klima aldaketaren aurkako borrokan eta trantsizio energetikoaren arloan udal jardunaren energia alderdiei buruz.
Egunerokoan erabiltzeko gida praktikoa
NUKFk Nafarroako Gobernuko Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetza Zuzendaritza Nagusiarekin batera, energiaren arloan toki esparruaren gaikuntza indartzeko egindako lanaren barruan dago aipatu gida. Ideia nagusi bat du oinarrian: energiak eguneroko bizitza eta tokiko kudeaketa publikoa zeharkatzen ditu —udal ekonomia, erosotasuna, eskubideak eta bizi-kalitatea— eta, horregatik, trantsizio energetikoak teknologia behar izateaz gain, antolakuntza, irizpide partekatuak eta ikuspegi soziala ere behar ditu. Testuinguru horretan, toki administrazioak funtsezkoak dira ingurumeneko jasangarritasuna eta justizia soziala bateratuko dituzten ekimenak bultzatzeko.
Gidak hiru bloke handi ditu ardatz:
- Inbentarioa, kontabilitatea eta energia-hornidurak kontratatzea. Kontsumoak eta prezioak ulertzeko jarraibideak ematen ditu bai eta energia hobeto erosteko eta aurrezte eta efizientzia neurriak hartzeko ere. Horretaz gain, fiskalitateari erreferentzia egiten dio bai eta autokontsumoarekin lotutako  pizgarriei ere.
- Udal plangintza energetikoa. Atal honetan lantzen dira besteak beste, eraikinak, mugikortasuna, argiteria eta energia berriztagarria sortzea eta orientabideak ematen dira energia fotovoltaikoaren inguruan (banakako autokontsumoa eta kolektiboa, sarera konektatzea eta abar) eta beste energia-iturrien inguruan; biomasa, minihidraulikoa edo mikro eolikoa esaterako.
- Energia komunitateak. Halakoak sustatzeko eta kudeatzeko giltzarriak ematen dira, herritarren eta toki-erakundeen parte-hartzea jorratzen da eta atal bat dago energiaren dimentsio sozialaren inguruan, energia-pobrezia barne hartuta.
Gida Nafarroako udal eta kontzejuen hurbileneko errealitatetik abiatuta ondu da eta eztabaidarako laguntza-puntu bat izateko asmoarekin jaio da. Energia-ereduaren aldaketa sakona lortzeko katalizatzailea izan nahi duen tresna da, politikarien eta udal langileen eguneroko lana errazteko ideiekin eta iradokizunekin.
Toki-erakundeen artean banatu da, jada, bai gazteleraz bai euskaraz. Gainera, laburbildutako bertsioa ere badu eta liburu formatuan kontsultatu ahal izateaz gain, PDF-n ere eskuragarri dago NUKFren web-orrian.