NUKFk Tuterako alkatea sartu du Toki Araubideko Foru Batzordeko toki ordezkarien artean
Federazioak sentsibilitate politiko guztiak dituen ordezkaritza plurala mantenduko du horrela

NUKFko Batzorde Betearazleak aho batez erabaki zuen otsailaren 13an egin bilkuran erakundearen lehenengo lehendakariorde eta Tuterako alkate Alejandro Toquero Toki Araubideko Foru Batzordean sartzea. Modu horretan, Batzordeko toki ordezkaritzak udal esparruko sentsibilitate politiko guztien kideak izango ditu. Bilkura berean, Batzorde Betearazleak Iruñeko alkate Joseba Asiron ere sartu zuen Foru Batzordean, hiriburuko alkatetzan izandako aldaketaren ostean.
Tuterako alkatearen izendapena Federazioko lehendakari Xabier Alcuazek proposatu zuen. Lehendakariak Toki Araubideko Foru Batzordearen osaera aldatzeko nahia adierazi zion Batzorde Betearazleari, sentsibilitate politiko guztiek ordezkaritza izateko bertan eta pluraltasuna bermatzeko, jendaurrean eta NUKFren barruan behin baino gehiagotan adierazi izan duen moduan. Horregatik, eta konpromiso hori berretsita, Foru Batzordearen osaera aldatzea erabaki zuten Union del Pueblo Navarro alderdiaren udal ordezkari bati ere tokia egiteko.
Horrela bada, Federazioaren lehendakariak Batzorde Betearazleari adierazi zion ulertutzat jotzen zuela erabaki horrekin bertan behera gelditzen zela UPN alderdiak iragarritakoa, hain zuzen ere, UPNko alkatetza duten udal guztiek Federazioa utziko dutela eta toki entitateen beste elkarte bat osatuko dutela. Izan ere, Foru Batzordeko osaera aldatzeko hartutako erabakiarekin sentsibilitate politiko guztien ordezkaritza errespetatzen baita.
Toki Araubideko Foru Batzordea organo paritarioa da, Nafarroako Gobernuko eta toki entitateetako ordezkariez osatua eta toki administrazioari eragiten dioten Gobernuak egindako arau-proiektu guztien gaineko txostena egitea xede duena.
Beste gai batzuk
Bilkura berean, Batzorde Betearazleak honako gai hauek ere izan zituen hizpide:
Batzorde eta Kontseilu sektorialetako ordezkariak izendatzea. Batzordeak honako izendapen hauek egin zituen:
Gizarte Zerbitzuetako administrazio arteko Kontseilua. Federazioak 20.000 biztanletik beherako entitateetako bost ordezkari izendatu behar zituen. Honako hauek izendatu zituzten:
- Xabier Alcuaz. NUKFko lehendakaria.
- Tirso Calvo. Ribaforadako alkatea.
- Silvia Sesma. Etxarri Aranatz Aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko lehendakaria.
- Jon Gondán. Zizur Nagusiko alkatea.
- Susana Castaneda. Jurramendiko Mankomunitateko lehendakaria.
Tuterako Osasun Eremuko Arreta Integratu Sozial eta Sanitariorako Proiektuaren Batzorde Teknikoa.
- Tirso Calvo. Ribaforadako alkatea.
Iruñeko Udaleko ordezkari berrien izendapena zenbait kontseilu eta batzordeetan. Iruñeko Udaleko gobernu aldaketaren ondoren, aurreko udal gobernuak batzorde eta kontseiluetan izendatutako pertsonen ordez, udal horretako ordezkari berriak izendatu zituzten.
Atxikitzeak. Batzorde Betearazleak aintzat hartu zuen Orbaizetako Udaleko atxikitze eskaera.
Langileen enplegu baldintzak. Idazkari nagusiak NUKFko langileen enplegu baldintzak azaldu zituen, oinarrizko alderdietan Nafarroako administrazioen baldintzekin parekatzen direnak. Horrekin batera, 2024rako ordainsariak eguneratzea onartu zuten, administrazio publikoetan eguneratuko diren baldintza beretsuetan.
Era berean, aurten komunikazio arloko arduradunak, dagokion errelebo kontratuaren bidez, erretiro partziala hartuko duela jakinarazi zuten.
Lankidetza hitzarmena, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren artekoa, Arreta Goiztiarraren Zerbitzua emateko. Batzorde Betearazleak beste hitzarmen bat izenpetzea adostu zuen, egungoaren antzeko baldintzetan. Horren bidez, arreta goiztiarreko esku-hartzeak eta baliabideak arreta horren beharra duten zero eta hiru urte bitarteko haurren eta haien familien eskura jarri nahi dira, hitzarmenarekin bat egiten duten udalek lokalak lagatuz zerbitzu hori emateko.
NUKFk kudeatzen duen Nafarroako Toki Funtsaren garapen lankidetzarako proiektuei zuzenduriko urteko dirulaguntza deialdiaren berrikuspena. Azken deialdietan aurkeztutako proiektuen arteko puntuazioek alde txikiagoa zutenez gero, irizpideen puntuazioa bikoiztea adostu zuten. Horretaz gain, proiektuen kohesioari eta kalitate teknikoari ere puntu gehiago ematea adostu zuten. Era berean, genero ikuspegia kontuan hartzeaz gain, genero aniztasunarekin loturiko irizpideak ere kontuan hartzea erabaki zuten.
Animaliak Babesteari buruzko Foru Legearen betekizunari heltzeko lan-mahaia. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak NUKFri eskatua zion bi erakundeen eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren arteko lan-mahai bat eratzeko Animaliak Babesteari buruzko Foru Legearen ezarpena jorratzeko; bereziki, legeak eskatzen duen azpiegituren sorrerari edo egokitzapenari dagokionez. Lan-mahaiaren helburua da 2025erako planteamendu bat edukitzea. Batzorde Betearazleak mahai horretarako Nafarroako eremu ezberdinetako ordezkariak izendatu zituen.
Correosekin izenpetutako hitzarmena luzatzea eskatzea. Aurten berriro ere Correosekin izenpeturiko hitzarmena luzatzea eskatzea adostu zuen Batzorde Betearazleak. Hitzarmenari esker, horri atxikitzen zaizkion toki entitateek frankeoan deskontuak eskuratzen dituzte.
Erroldatzeen alorreko jarduketa-protokoloa. Batzorde Betearazleak, bestalde, erroldatzearen alorreko protokolo bat eratzeko lanak hastea onetsi zuen, erroldatzea errazte aldera irizpideak eta eskatutako dokumentuak homogeneizatzeko asmoz; bereziki, etxerik gabeko pertsona migratzaileen kasuan. Protokoloa egiteko Federazioaren eta beste udal batzuen zerbitzu teknikoak baliatuko dira bai eta gizarte zerbitzuak ere. Iruñerriko udaletan ematen den kasuistikaz gain, Komunitateko beste toki batzuetakoa ere kontuan izango dute.
0-3 urte bitarteko hezkuntza zikloari buruzko jarduketak. Gai horri dagokionez, lehenik eta behin, haurrak haur eskoletan onartzeko sistemari buruzko foru arau berriaren inguruko informazioa jaso zuen Batzorde Betearazleak. Izan ere, arau horren lanketan aritu baita NUKF Hezkuntza Departamentuarekin batera, horretarako bereziki sorturiko batzordean eta talde teknikoan.
Batzorde Betearazleak gainera, barne talde bat abiatzea adostu zuen 0-3 urte bitarteko eskolak dituzten udaletako ordezkariekin. Talde horren helburua proposamenak jasotzea eta Federazioak alor horretan egiten dituenen berri ematea izango litzateke.
Azkenik, lehendakariak Hezkuntza kontseilariarekin bilera eskatuko duela jakinarazi zuen azken hilabete hauetako eta udalen kezka sortu duten afera garrantzitsuenak jorratzeko; esate baterako, zerbitzuaren doakotasuna eta horren eragina; ikastetxeak sortzeko edo handitzeko deialdia; edo ikastetxe publikoetan 2-3 urte bitarteko ikasleak hartu ahal izatea.
Lehendakariaren bilerak. Amaitzeko, lehendakariak Nafarroako Gobernuko lehendakariarekin eta Landa Garapeneko zein Lurralde Kohesiorako kontseilariekin izandako bilkuren berri eman zuen eta Kontuen Ganberako lehendakariarekin eta Arartekoarekin izandakoen berri ere bai. Bilkura horietan guztietan, lehenengo hartu-emana izan eta lankidetzarako balizko gaiak berrikusi dituzte.
Argazki oina
Batzorde Betearazleak 2024ko lehenengo saioa egin zuen.