NUKFk parte-hartze prozesu bat sustatu du toki-erakundeekin, despopulazioaren erronkari heldu eta zeharkako ikuspuntu batetik proposamenak egiteko
Lan-saioak hautetsi guztiei zuzendurik daude eta urtarrilean eta otsailean egingo dira Nafarroako eskualde guztietan

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKFk) parte-hartze prozesu bat egingo du Nafarroako eskualdeetan, despopulazioaren arazoari heltzeko eta horri aurre egiteko toki-erakundeen proposamenak biltzeko. Prozesua 2025eko urtarrilean eta otsailean egingo da eta hautetsi guztiei zuzendurik dago: alkateei, kontzejuburuei bai eta udal talde guztietako toki udalkideei ere.
Xabier Alcuaz, NUKFko lehendakariak aurreratu duenez, despopulazioaren zergatiak aztertzeko eta irtenbideak proposatzeko, lan-saioetan bost arlo nagusi landuko dira: zerbitzuak; ekonomia eta enplegua; mugikortasuna eta komunikabideak; etxebizitza; eta finantziazioa eta fiskalitatea. Dinamika horiei esker, fenomenoaren analisi integrala egingo da, eskualde bakoitzaren berezitasunak errespetatuz eta toki-erakundeetako arduradunen parte-hartze aktiboa sustatuz.
Lehenengo bilera urtarrilaren 28an izango da Irunberrin, gizarte etxean, eta Zangozako eta Pirinioaurreko eskualdeetako toki-erakundeei zuzendurik dago. Gainontzeko saioak otsailean izango dira ordea. Otsailaren 4an Ariben (Pirinioetako Eskualdea); 6an Allon (Lizarraldeko Eskualdea); 10ean Irurtzunen (Larraungo Eskualdea eta Sakana); 13an Garesen (Izarbeibarko Eskualdea eta Erdialdea); 18an Donezteben (Baztan-Bidasoako Eskualdea); 20an Arguedasen (Erriberako Eskualdea eta Erriberagoiena); eta 25ean Arangurenen (Iruñerria).
Hiru orduko saioak izango dira, gutxi gorabehera, eta hasieran prozesua, oinarrizko dokumentua eta saioaren dinamika aurkeztuko dituzte. Ondoren, egoeraren banakako azterketa egingo dute panelak eta azalpenak erabilita; gero, azterturiko informazioari buruzko taldeko hausnarketa egingo da eta, azkenik, proposamenak jasoko dira. Ideia horiek parte-hartzaile guztien artean eztabaidatuko dira eta denen artean amaierako dokumentu batean bilduko diren lehentasunak adostu eta proposamenak zehaztu beharko dituzte.
Amankomuneko erronka
Prozesuaren ondorioak txosten batean bilduko dira eta NUKFk Nafarroako Gobernuari helaraziko dio idazkia despopulazioren aurka eta landa garapenari buruz egingo duten foru legerako ekarpen gisa; Nafarroako Parlamentuak egindako Erkidegoaren egoerari buruzko azken eztabaidan onetsi moduan. Gainera, txosten hori administrazio publikoek egin ahalko dituzten jarduketetarako ere oinarri gisa balioko du. Hortaz, parte-hartze prozesuarekin toki inguruneak aukera du bere proposamenak berriro ere adierazteko eta Nafarroako garapen orekatua lortzen laguntzeko.
Landa despopulazioa ez da berriki sorturiko arazoa ezta Nafarroak soilik duen arazoa ere. Hala eta guztiz ere, agenda publikoen barruan egoteak, 2023ko Nafarroako Despopulazioaren aurkako Borrokarako Estrategiak adierazten duen moduan, joera hori aldatzeko konpromiso kolektiboa dagoela agerian uzten du nabarmen. NUKFk aurretik ere arlo horri buruzko ekimenak gidatu izan ditu; txostenak argitaratu eta fenomenoaren eragina eta baterako ekintzen beharra ageriko egin dituzten jardunaldiak antolatu ditu.
NUKFk sustaturiko parte-hartze prozesuak honako printzipio nagusi hauek ditu oinarritzat: zeharkakotasuna, lurralde jasangarritasuna, administrazioen arteko lankidetza, parte-hartzea eta landa ingurunearen balioa azpimarratzea. Balio horiek proposaturiko neurriak inklusiboak, parekideak, eraginkorrak eta jasangarriak izatea bermatzen dute, eremu zaurgarrienen eta bertako biztanleen beharrak kontuan hartuta.
Irudian, Xabier Alcuaz, NUKFko lehendakaria, komunikabideen aurrean egindako agerraldian.