2025eko maiatzak 28

NUKFk Parlamentuari eman dizkio despopulazioari aurre egiteko toki-erakundeek egindako proposamenak

Ganberako lehendakari Unai Hualdek dokumentuaren interesa azpimarratu du eta Parlamentuko taldeei helaraziko die aurrerago lan-saio batean azaldu ahal izateko

Foto noticia

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakari Xabier Alcuazek Parlamentuari eman dio toki-erakundeek despopulazioari aurre egiteko egindako proposamenak. Ganberako lehendakari Unai Hualdek konpromisoa hartu du dokumentua Landa Garapeneko eta Lurralde Kohesiorako batzordeetako parlamentu-bozeramaileei bidaltzeko, etorkizunean lan-bilkura batean azaldu ahal izateko.

Alcuazek eta NUKFko idazkari nagusi Berta Enriquek etorkizunean egingo diren edozein arauditan landa ingurunea kontuan hartzeko beharra adierazi dute. Hualdek proposamenak jasotzen dituen dokumentuaren interesa nabarmendu du toki-erakundeekin batera despopulazioaren erronkari heltzeko. Gai hori hurrengo lege-eztabaidetan jorratuko dute.

Bilkuran Xabier Alcuaz pozik agertu da erakundeak sustatu duen parte-hartze prozesuarekin, Nafarroa osoko 113 toki-erakundetako 162 hautetsiren ekarpenak jasotzeko aukera eman baitu. Era berean, oso positibotzat jo du tokiko ordezkarien inplikazioa, Nafarroaren orainerako eta etorkizunerako garrantzi handia duen gai batekiko konpromisoa erakutsi baitute.

Alcuazek gogorarazi du despopulazioa gai transbertsala dela, politika publiko guztiak baldintzatzen dituena, eta azpimarratu du garrantzitsua dela beti landa-ikuspegia txertatzea edozein araudi lantzerakoan. “Arau eta erabaki instituzional bakoitzak landa-eremuan eta udalerri txikietan duen eragina aztertu behar da, hori baita lurralde-garapen orekatua eta pertsona guztientzako aukera-berdintasuna bermatzeko modu bakarra”, adierazi du.

Ildo horretan, NUKFko lehendakariak uste du Parlamentura bidalitako proposamenek balioko dutela ez bakarrik etorkizuneko Landa Garapenerako eta Despopulazioaren aurkako Foru Legerako, baita toki eremuan eragina izan dezakeen beste edozein araudi aberasteko eta hobetzeko ere. Haren ustez, tokiko erakundeekin batera lan egitea da politika eraginkorrak eta lurralde guztietako errealitatera egokituak eraikitzeko tresnarik onena.

Unai Hualdek, bere aldetik, interes handiz jaso du NUKFren dokumentua, “despopulazioari aurre egiteko neurri interesgarriak jasotzen baititu komunikazio, ekonomia, zerbitzu, etxebizitza eta fiskalitate arloan”. Era berean, “auzia zuzenean pairatzen duten toki-erakundeek beraiek ekarpena egitea ezinbestekoa” dela adierazi du.

NOTICIAS RELACIONADAS

Volver arriba