Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKFk) “Nafarroako Aliantza Garapen Jasangarriko Helburuen (GJHen) alde” konpromisoarekin bat egitea erabaki zuen martxoaren 11n egindako Batzorde Betearazlean. Aliantzak Nazio Batuen 2030 Agendak ezarritako GJHak betetzeko bidean elkarrekin aurrera egitea helburu du.
Bestalde, despopulazioaren erronkaren aurrean toki hautetsiek dituzten proposamenak biltzeko egindako parte-hartze prozesuaren amaieraren berri eman zion NUKFko lehendakariak Batzorde Betearazleari. Hemendik aurrera eta kontrataturiko laguntza teknikorako enpresak dokumentu bat osatu ondoren, talde eragileak amaierako txosten bat egin eta NUKFren Batzorde Betearazleari helaraziko dio. Azken horrek, ondoren, Nafarroako Gobernuari helaraziko dio idatzia aurrera begira egingo dituzten araudietan kontuan har ditzaten.
Haurren eta Nerabeen Babesari buruzko Legea
Lehendakariak, halaber, Eskubide Sozialetako Departamentuarekin eta UNICEFekin izandako bilkuraren berri eman zuen Batzorde Betearazlean. Bilkura horretan, eremuko zenbait topaketa antolatzea adostu zuten Haurren eta Nerabeen Babesari buruzko Legearen berri eman eta legeak toki-erakundeekin duen lotura azaltzeko. Gainera, toki esparruan haurren aurkako indarkeria prebenitzeko UNICEFek egindako auditoretza eredua eta plana aurkeztuko dira. Ekintza horiek Nafarroako udalerri guztietan adin txikikoen babesa indartzea asmo dute bai eta haien ongizatea bermatzea ere.
Azkenik, hautetsiei NUKFk argitaratzen duen Concejo aldizkaria nola jaso nahi duten galdetzea adostu zuen Batzorde Betearazleak. Egun, aldizkaria paperean banatzen zaie Nafarroako toki hautetsi guztiei, formatu digitalean (pdf-n) jasotzea hautatu dutenei ezik. Aldizkariaren banaketa eskaerara hobe egokitzeko eta hartzaileek aldizkaria nola jaso nahi duten zehaztasun handiagoarekin jakiteko, Batzorde Betearazleak kontsulta bat egitea adostu zuen toki-erakunde bakoitzaren alkateekin elkarlanean. Alkateei laster eskatuko zaie horretarako laguntza.