2025eko otsailak 13

NUKFk lantalde bat sortuko du udaltzainentzako berariazko araubide bat sortzeko

Udaltzaingoa duten udalerri guztietako alkateek gutuna igorri diote Barneko kontseilariari araudi berria sortzeko aurrera egiteko

Foto noticia

NUKFko Batzorde Betearazleak lantalde bat sortzea erabaki du udaltzainentzako berariazko araudi bat egiteko. Udalerri interesdunek parte-hartu ahalko dute taldean eta udaltzaingoaren funtzionamendua arautuko duen araubidea idaztea izango da helburua. Batzorde Betearazleak otsailaren 11n egindako azken bilkura saioan, halaber, Iragiko Kontzejuak NUKFri atxikitzeko egindako eskaera aintzat hartu eta Federazioan egindako azken jarduketen berri eman zuten.

Lantaldeari dagokionez, udaltzainak dituzten udalerriek parte hartu ahal izango dute zehazki, eta amankomunean dituzten arazoak aztertzea eta udaltzaingoaren funtzionamendua arautuko duen araubidea bultzatzea izango du helburu nagusiki.  Horrekin loturik, kalteturiko udalerri guztietako alkateek izenpeturiko gutuna igorri dio NUKFk dagoeneko, Amparo López Barneko kontseilariari, berariazko araudi bat egiteko aurrerapausoak emateko bilkurak egiten hasteko eskaria eginez.

Despopulazioari buruzko parte-hartze prozesua

Bestalde, despopulazioari aurre egiteko toki-erakundeen proposamenak bilduko dituen parte-hartze prozesuan izandako aurrerapenen berri eman zion NUKFko lehendakariak Batzorde Betearazleari. Bilkuraren data bitarte, eremuko lau saio eginak zituzten eta Pirinioetako Mahaiarekin topaketa bat; beste lau saio gehiago aurreikusiak dituzte. Prozesua amaitzen denean, dokumentu bat egin eta Nafarroako Gobernuari igorriko diote ekarpenak aintzat har ditzan.

Bilkuran, bestalde, Eudel Euskadiko Udalen Elkarteko ordezkariekin izandako topaketaren berri eman zuten. Bileran, bi erakundeen arteko interes amankomuneko gaiak izan zituzten hizketagai. Zehazki, Berdinsarea berdintasunaren aldeko toki-erakundeen sarearen funtzionamenduari eta eratze-prozesuari heldu zioten, Federazioak ere arlo berdinerako sare bat sortzeko asmoa baitu.

Era berean, NUKFren eta Nafarroako Gobernuaren artean izenpeturiko hitzarmenaren barruan Hezkuntza Departamentuko kontseilariarekin izandako bilkuraren berri ere jaso zuen Batzorde Betearazleak. Bileran, 0-3 urteko hezkuntza zikloarekin lotutako lanak berriro ere abiatzea adostu zuten. Aipatu hitzarmenak hezkuntza arloan lankidetza sendotzea eta Nafarroako familientzat eskaintza egokia bermatzea du asmo.

Azkenik, NUKFk energiaren alorrean esku artean dituen jarduketen inguruko informazioa eman zuten. Horien artean daude, besteak beste, toki-erakundeei zuzenduriko gida bat argitaratzea eta politikari eta teknikarientzat zenbait prestakuntza ekintza egitea energiaren erabilera efizienteagoa eta jasangarriagoa sustatzeko.

Volver arriba