2026ko maiatzak 14

NUKFk laguntza teknikoa eskaintzen du berdintasunaren arloan, 5.000 biztaletik beherako toki-erakundeentzat

Zerbitzua azaroaren 2ra arte eskainiko da NABIrekin izenpeturiko hitzarmenaren barruan, eta udal eta kontzejuei lagundu asmo die berdintasun politika sendoagoen oinarriak ezartzen eta arlo horretan aurrera egiten

Foto noticia

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak abian jarri du berdintasun arloko laguntza teknikoaren edizio berri bat, berdintasun teknikaririk ez duten 5.000 biztanletik beherako Nafarroako toki-erakundeentzat. Ekimena Areté Activa enpresa berezituaren bidez gauzatuko da eta azaroaren 2ra arte egongo da martxan. Hori guztia NUKFk Nafarroako Berdintasunerako Institututarekin (NABI) duen lankidetza hitzarmenaren barruan egingo da, aurten berriro ere hitzarmena luzatzeko asmoa baitago.

Aipatu baliabide horrekin, udal eta kontzejuei aukera erabilgarri eta hurbil bat eskaini nahi die NUKFk, beren tokiko errealitatetik abiatuta berdintasunean aurrera egin dezaten. Helburua ez da kontsulta puntualak erantzutea, baizik eta erakundeak laguntzea urrats egonkorrak eman ditzaten, egindako lana hobe ordena dezaten eta berdintasun politika integralagoak eta denboran finkoagoak eraikitzen has daitezen. Hori horrela, etorkizuneko udal estrategia osoagoen oinarriak ezartzen laguntzeko tresna izan nahi du zerbitzuak, NABIk sustaturiko toki-erakundeetan berdintasun politikak ezartzeko ibilbidearekin bat.

Interesa duten erakundeek honako hauetarako eska dezakete laguntza zerbitzua: orain arte berdintasunaren eta genero indarkeriaren arloan egindako lana berrikusteko; araudiaren, dirulaguntzen eta beste baliabideen berri izateko; berdintasun arloko jarduerak planifikatzeko, ekitaldi baterako edo gehiagotarako; programaketak prestatzeko martxoaren 8arekin, azaroaren 25arekin edo herriko jaiekin loturik; eta genero indarkeriaren aurkako Estatu Itunaren laguntzekin edo arlo bereko beste deialdi batzuekin finantzaturiko jarduerak garatzeko edo justifikatzeko. Zerbitzuak, gainera, tokiko protokoloak egiteko laguntza ere eskaintzen du jaiguneetan eraso sexistei aurre egiteko, eta erailketa eta homizidio kasuetan zein emakumeen kontrako indarkeriaren ondoriozko beste egoera larri batzuetan jarduteko.

Berritasun gisa, NUKFk, aurten, aukera sendoagoa eman nahi die toki-erakundeei, laguntza zerbitzua probes dezaten berdintasuneko proiektu zabalagoak egiteko, ekintza isolatuetara mugatuko ez direnak eta hobe definituriko politika publiko koherenteak eta jarraituak lortzeko aurrera egitea ahalbidetuko dutenak. Finean, helburua da zerbitzua eskaintzea udal eta kontzeju txikienei laguntzeko, jarduera puntualetatik ibilbide luzeagoa izango duen plangintza batera igarotzeko.

Datozen egunetan, Areté Activako teknikariak harremanetan jarriko dira zerbitzua jaso ahalko duten toki-erakundeekin, zerbitzuaren nondik norakoak azaltzeko. Gainera, eskualdeetan topaketak egiteko asmoa dago laguntza zerbitzua zuzenean aurkezteko, eta udal eta kontzejuen behar zehatzak ezagutzeko. NUKFk toki-erakundeak animatzen ditu baliabidea probestera, ikuspegi praktiko batetik berdintasunean benetako aurrerapausoak ahalbidetzea helburu baitu, toki esparrura egokituz eta udalerri bakoitzaren gaitasunak kontuan hartuz.

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Volver arriba