2026ko irailak 2

NUKFk izen-ematea zabaldu du toki-erakundeetako langileei zuzenduriko etengabeko prestakuntzarako 33 ikastaro berrietan

Eskaintzen diren ikastaroetan honako hauek jorratuko dira: poliziaren esku-hartzea nerabeekin, udal kudeaketa, teknologia berriak, berdintasuna eta herritarrekiko arreta

Foto noticia

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKF) Nafarroako toki-erakundeetako langileei zuzenduriko 33 ikastaro berrietan izen-emateko epea zabaldu du, 2026ko bigarren seihilekoaren programazioaren barruan. Eskaintza Federazioak kudeatzen duen Etengabeko Prestakuntza Planaren barruan dago, zeinak aurrez aurreko prestakuntza, bideokonferentziak eta online ikastaroak uztartzen baititu. Ikastaroak gaztelaniaz eta euskaraz eskaintzen dira, eta toki administrazioko eguneroko egitekoekin lotutako arlo sorta zabala jorratzen dute.

Programazioaren barruan, bi motatako prestakuntzak daude: prestakuntza ekintza orokorrak, toki-erakundeetako langile guztiei zuzenduak, eta berariazko prestakuntza ekintzak (Prestakuntza Ekintzen Eskaerak), erakundeek beraiek eskatzen dituztenak langileen kolektibo, zerbitzu edo talde zehatzen beharrak asebetetzeko. Aurten, 157 toki-erakundek bat egin dute programarekin, guztira 5.724 langile batzen dituztenak.

Gaur-gaurkoz, programaturiko edo abian diren 81 prestakuntza ekintza ditu NUKFk bigarren seihilekoan. Hasiera batean programazioan sartu ziren prestakuntza ekintza batzuk izen-emateak itxita dituzte jada, eskari handia izan dutelako. Beste batzuetan ordea, oraindik ere lekuak daude, eta Federazioaren web-orrian kontsulta daitezke. Urtearen lehenengo seihilekoan 68 ikastaro egin dira.

IKASTAROAK

Prestakuntza udaltzaingoarentzat, berdintasun arloan eta udal administraziorako

Prestakuntza eskaintzak udal kudeaketaren lanpostu eta arlo zehatzekin lotutako ezagutza teknikoei heltzen die, bai eta izaera transbertsalagoa duten gaitasunei ere. Hona hemen landuko diren arloak: produktu fitosanitarioak erabili ahal izateko oinarrizko karneta eta karnet kualifikatua; udal zergen kudeaketa; kontabilitate publikoa eta aurrekontuen kudeaketa; herritarrekiko arreta; datuen babesa; estresaren kudeaketa eta kontrola; eta barneko eta kanpoko komunikazioa.

Programaturiko prestakuntzak arreta berezia eskaintzen die digitalizazioari eta teknologia berriei. Hala, ofimatikako prestakuntza aurreratua eskaintzen du, bai eta Canva erabiltzen ikasteko ikastaroak eta toki-erakundeetako lanari aplikaturiko tresna digitalen trebakuntza. Azken arlo horren barruan hain zuzen ere, Exceleko finantza-funtzioei buruzko prestakuntza praktiko bat eskaintzen da, ekonomiaren, aurrekontuen eta kontabilitatearen arloetan egitekoak dituzten langileentzat. Ikastaroa ordenagailuarekin egingo da, eta leku gutxi gelditzen dira dagoeneko.

Aurtengo berritasunen artean nabarmendu beharreko ikastaroa “poliziaren esku-hartzea nerabeekin” izenekoa da, udaltzaingoaren eta segurtasunaren arloei zuzendua. Prestakuntza horren bidez, nerabeekin egin beharreko esku-hartze profesionaletan tresna bereziak ematea da helburua, eta bide batez, udaletako kolektibo berezituen prestakuntza beharrak asebetetzea.

Bestalde, izen-ematea zabalik dute “Zure nomina ulertzeko gakoak” izeneko bideokonferentzia bidezko ikastaroak, eta toki kudeaketa administratiboa eta ekonomikoarekin lotutako bestelako ikastaroek.

Berdintasunaren arloan berriz, eskuragarri daude berdintasunari eta emakumeen aurkako indarkeriari buruzko oinarrizko ikastaroak, gaztelaniaz zein euskaraz eskaintzen direnak. Kasu horretan, prestakuntza online da, eguneko 24 orduetan eta asteko 7 egunetan era malguan egin ahal izateko, eta udal langileen parte-hartzea errazteko, beren lan ordutegia edo tokia edozein dela ere.

Toki-erakunde bakoitzari egokituriko prestakuntza

Eskaintza orokorraz gain, NUKFk berariazko prestakuntza ekintzei (Prestakuntza Ekintzen Eskaerei) eusten die ere bai. Horiek toki-erakundeek zuzenean eskatzen dituzten prestakuntzak dira. Bigarren seihileko honetan, mota horretako 35 prestakuntza ekintza abian dira edo antolaturik daude, eta beste 26 ordea, toki-erakunde eskatzaileek noiz zehaztu zain daude.

Mota horretako prestakuntzei esker, udalek eta mankomunitateek dituzten benetako beharrei egokitzen ahal da prestakuntza, eta zenbait talde edo kolektibo profesionalek beren lan-egitekoekin lotutako berariazko prestakuntza jaso ahal izatea errazten ahal da.

Horretaz gain, datorren astean NUKFk galdetegi bat helaraziko die Nafarroako toki-erakundeetako langileei, hurbiletik beren eskaerak, prestakuntza beharrak eta hobetzeko proposamenak jasotzeko. Bildutako informazio hori oinarritzat harturik, 2027ko Etengabeko Prestakuntza Plana osatuko du Federazioak, Planaren programazioa toki administrazioan egunero lanean ari direnen benetako beharrei egokitzeko asmoz, eta ikastaroen edukiak, modalitateak eta formatuak hobetzen jarraitzeko.

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Volver arriba