2025eko urtarrilak 29

NUKFk Irunberrin hasi du despopulazioari aurre egiteko toki-erakundeen ekarpenak jasoko dituen parte-hartze prozesua

Zangozerriko eta Pirinioaurreko 30 ordezkarik baino gehiagok hartu zuten parte lehenengo saioan. Hurrengo bilkura otsailaren 4an izango da, Ariben, eta Pirinioetako ordezkariei zuzendurik dago

Foto noticia

Astearte honetan, otsailak 28, hasi da Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKFk) bultzaturiko parte-hartze prozesua toki-erakundeen ekarpenak biltzeko. Ekarpenak Nafarroako Gobernuak egingo duen Despopulazioaren aurkako eta Landa Garapenari buruzko Foru Legea prestatzeko bai eta despopulazio egoeran dauden eremuetan eragina izan dezaketen bestelako araudi batzuk prestatzeko ere erabiliko dira.  Guztira, zortzi bilkura egingo dira Nafarroako eskualde ezberdinetan eta parte-hartzea udaletako, kontzejuetako eta mankomunitateetako ordezkari guztiei zabalik dago.

Lehenengo saioa Irunberriko gizarte etxean izan zen eta, bertan, Zangozako eta Pirinioaurreko eskualdeetako toki-erakundeetako 30 ordezkari bildu ziren. Jardunaldiaren hasieran, NUKFko lehendakari Xabier Alcuazek eta Federazioko teknikariek aurkezpena egin zuten eztabaidagai izango zituzten oinarrizko bost arloak zehaztuta: zerbitzuak; ekonomia eta enplegua; mugikortasuna eta komunikazioak; etxebizitza; eta finantziazioa eta fiskalitatea.

Panel batzuen bidez aurkezturiko informazioa banaka aztertu ondoren, taldeka hausnarketa egin zuten adierazitako bost arloetan proposamenak biltzeko. Taldeetan ateratako ondorioak talde osoari aurkeztu zizkieten ondoren, eta hortik 24 neurri zehatz atera ziren. Horiek eztabaidatu eta panel orokor batean lehentasunaren arabera kokatu zituzten.

Proposamen horiek NUKFk parte-hartze prozesua amaituta egingo duen txostenean sartuko dira. Aipatu txostena berriz, Nafarroako Gobernuari helaraziko dio Despopulazioaren aurka eta Landa Garapenari buruz prestatuko duten Foru Legeari egindako ekarpen gisa. Foru Exekutiboak toki-erakundeen ekarpenak kontuan hartzeko konpromisoa hartu du.

Hurrengo saioak

Hurrengo bilkura otsailaren 4an izango da, Ariben, eta Pirinioetako ordezkariei zuzendurik dago. Honakoa da saioen egutegi osoa:

  • Otsailak 4: Aribe (Pirinioak).
  • Otsailak 6: Allo (Estellerria).
  • Otsailak 10: Irurtzun (Larraun-Leitzaldea eta Sakana).
  • Otsailak 13: Gares (Izarbeibar-Novenera eta Erdialdea).
  • Otsailak 18: Doneztebe (Baztan-Bidasoa).
  • Otsailak 20: Arguedas (Erribera eta Erriberagoiena).
  • Otsailak 25: Aranguren (Iruñerria).

Prozesu irekia eta parte-hartzailea

Saioak udaletako, kontzejuetako eta mankomunitateetako udal talde guztietako hautetsiei zuzendurik daude, horiek gobernuan nahiz oposizioan egon. Helburua da toki-erakundeen ahots guztiak entzunak izatea eta beren proposamenak despopulazioari aurre egiteko politika publiko eraginkorrak eta jasangarriak egiteko lagungarri izatea.

Parte-hartze prozesuaren ondorioak erakundeek aurrerago egingo dituzten jarduketetarako oinarri gisa ere erabilgarriak izango dira administrazio publikoek proposaturiko neurriak ekitatiboak eta eremu zaurgarrienen beharretara egokituak izatea bermatzeko.

Konpromisoa landa ingurunearekin

Landa inguruneko despopulazioa administrazio eta gizarte eragile guztien lankidetza behar duen erronka da. NUKFk, parte-hartze prozesu horren bidez, Nafarroako garapen orekatuarekiko eta landa ingurunearen balioa nabarmentzearekiko konpromisoa berresten du, Foru Komunitateko eskualde guztientzako etorkizun oparoa bermatuko duten zeharkako irtenbideak, inklusiboak, parekideak eta jasangarriak sustatuz.  Hortaz, parte-hartze prozesua toki ingurunearen aukera da bere proposamenak berriro ere adierazteko eta Nafarroako garapen orekatua lortzen laguntzeko.

Volver arriba