2023ko apirilak 13

NUKFk Ingurumeneko Departamentuari lankidetza eskatu dio animaliak babesteko araudi berriak aurreikusten dituen zentroak abian jartzeko

Helburua zentroen lurralde esparrua definitzea eta zentroak ezartzea eta abiatzea da

Foto noticia

Juan Carlos Castillo NUKFko lehendakariak Ingurumeneko Departamentuarekin izandako bileraren berri eman zion Batzorde Betearazleari apirilaren 11n egindako saioan. Lehendakariak aditzera eman zuenaren arabera, zentro horien lurralde esparruak eta zentroak jardunean aritzeko administrazio-egitura egokiak definitzeko lankidetzan aritzea proposatu zion Federazioak Departamentuari. Gainera, foru lege berriak eskatzen duenari jarraiki, aipatu instalazio horiek sortzeko beharrezkoak diren baliabideak eman ditzala eskatu zioten toki ordezkariek Gobernuari.

Foru Legeak udalei haien udal-mugartean abandonatutako edo galdutako animaliak bildu eta animalientzako zentroetan gordetzeko ardura ezartzen die. Horretarako, animaliak biltzeko etengabeko zerbitzu bat eduki beharko dute; propioa, mankomunatua edo hitzartua. Horretaz gain, animaliak hartzeko zentroak edukitzera behartzen ditu edota animaliak biltzeko zerbitzua hitzartzera Foru Erkidegoko Administrazioarekin, beste toki entitateekin, animaliak babesteko elkarteekin edota helburu hori bera duten pertsona juridiko nahiz fisikoekin. Zentro horiek eskualdeko izaera izan lezakete.

Legeak beste xedapen batean ezartzen duenaren arabera, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan finantza nahikotasuna bermatuko da foru lege horrek toki entitateei eta Nafarroako Gobernuari ezartzen dizkien betebeharrak garatu eta gauzatzeko.

Batzorde Betearazleak jorratutako beste gai batzuk

Bilkura berean, Federazioaren Batzorde Betearazleak honako gai hauek izan zituen hizpide:

NUKFren 2022ko kontuak. Batzordeak Federazioaren 2022ko kontuen proposamena onetsi zuen ondoren Batzarrari helarazteko, azken honek baitu kontuak onesteko eskumena. Kontuek emaitza negatiboa izan dute, 3.476 eurokoa, diru-sarrerak 775.674 euro izan baitziren, eta gastuak, berriz, 779.150 euro. Horretaz gain, nabarmendu behar da, aurten, kontuei kanpoko auditoretza bat egin zaiela, nahiz eta legez horretara beharturik ez egon, eta kontu-ikuskapen horren arabera kontuak entitateak duen ondarearen eta finantza-egoeraren irudi leiala islatzen duela.

NUKFren 2023ko kuotak. Batzorde Betearazleak NUKFri atxikitako entitateen kuotak beste urtebetez izoztuta mantentzea adostu zuen. Hala ere, aipatu zutenez, datozen urteetan beharrezkoa izan liteke igoeraren bat egitea plan estrategikoaren barruan edota prezioen eta beste kostu batzuen igoerak bultzatuta.

Lankidetza hitzarmenak. Batzorde Betearazleak, halaber, hiru hitzarmenen zirriborroak onetsi zituen: lehenengoa, Eusko Ikaskuntzarekin Toki Administrazioaren edo lurralde garapenaren alorrean interes komuneko jarduerak egiteko; bigarrena, Euskaltzaindiarekin toki entitateei euskararen alorrean aholkularitza eta prestakuntza zerbitzuak emateko; eta hirugarrena, Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin toki entitateetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko politikak sustatzeko.

Lehortearekin lotutako neurriak. Azkenik, Batzordeak lehortea dela eta nekazaritzan pairatzen ari diren egoerari heldu zion. Gobernuari hondamendi eremua izenda dezan eska litekeela adierazi zuten, horrela udalek kaltetutako pertsonentzako konpentsazio neurriak gaitzeko aukera izango bailukete.

 

 

Volver arriba