Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak asteazken honetan aurkeztu ditu etxebizitzaren arloan abian jarriko dituen jarduketak. Izan ere, erakundeak bere lehentasunen artean baitu arlo hori, geroz eta tentsionatuagoa eta murritzagoa den etxebizitza-merkatu baten erdian lurralde kohesioan duen eragina dela eta.
Egindako agerraldian, NUKFko lehendakari Xabier Alcuazek nabarmendu du etxebizitzaren arazoa Nafarroa osoari eragiten diola, lurraldearen arabera ezaugarri ezberdinak baditu ere. Kasu batzuetan, arazoa prezioen igoerak eragiten du; besteetan ordea, etxebizitza hutsek, etxebizitza-parkearen narriadurak edo populazioa finkatzen eta bizitza-proiektuak ahalbidetzen lagunduko luketen higiezinak mobilizatzeko zailtasunek.
Testuinguru horretan, NUKFren Batzorde Betearazleak neurri sorta bat onetsi du toki-erakundeei hain konplexua den arlo batean laguntzeko, proposamen-jarrera batetik abiaturik eta udal autonomia errespetatuz, betiere.
Neurri horien artean, NUKFk Nafarroako udal guztiei ordenantza eredu bat igorri die etxebizitza hutsen gaineko zerga ordainarazteko, toki-erakunde bakoitzak oinarri juridiko egonkor batetik abiaturik bere errealitatera egokituriko araudi propioa egin ahal izateko.
Horrekin batera, Federazioak aipatu zerga aplikatzeko informazio-zirkular bat ere igorri die udalei lege-esparrua argitzeko, zerga abian jartzeko behar diren urratsak azaltzeko eta konplexutasun tekniko nabarmena duen arlo horretan udalen egitekoa errazteko. Igorritako zirkularrak gogora ekartzen duen moduan, etxebizitza hutsen gaineko zerga nahitaezkoa da Toki Ogasunei buruzko Foru Legeari jarraiki baina benetan ordainarazi ahal izateko, dagokion udal ordenantza onetsi behar da.
Hori horrela, NUKFk udalak premiatu ditu lege-tresna hori izapidetu, onets eta gara dezaten, tresna erabilgarria izan daitekeelakoan etxebizitza hutsak mobilizatzera eta eskuragarri dagoen eskaintza handitzera bideratutako etxebizitzako toki politika zabalago batean.
Etxebizitza hutsen erregistroa eta formakuntza espezializatua
Bestalde, Federazioak Nafarroako Gobernuari eskatu dio berma dezala Etxebizitza Hutsen Erregistroko informazio automatizatua, eguneratua eta jarraitua ematen dela hori ezinbesteko baldintza baita ordenantza praktikan aplikatu ahal izateko. Indarreko legediaren arabera, zerga aplikatu ahalko zaie soilik departamentu eskudunak huts deklaratu eta erregistroan inskribaturiko etxebizitzei eta, beraz, administrazioen arteko koordinazioa funtsezkoa da.
Jarduketa horiez gain, Batzorde Betearazleak toki-erakundeetako teknikari eta hautsientzako formakuntza lantegiak ere antolatzea erabaki du hala beharko balitz 2026ko aurrekontuetan aurreikusitako baliabideez gain, baliabide gehiago emanez eta laguntza teknikoa baliatuz. Lantegiek jorratuko dituzten gaiak izango dira, besteak beste, etxebizitza hutsak, etxebizitzak birgaitzea, etxebizitza kolaboratiboak, Bizitegi Merkatuko Eremu Tentsionatuak, landa inguruneko etxebizitza plana eta Nafarroako toki sektoreak etxebizitza arloan sustaturiko esperientziak.
NUKFko lehendakariak adierazi duenez, neurri horiek ez dira soilik zerga bati edo ordenantza zehatz bati loturiko jarduketa bat, toki-erakundeei informazioa eta tresna erabilgarriak ematea asmo duen estrategia zabalago baten parte dira, toki-erakundeei beren errealitatea hobe ezagutzea eta etxebizitza eskuragarriaren eskaintza handitzeko urratsak ematea ahalbidetuko diena.
Amaitzeko Alcuazek adierazi du etxebizitza gai erabakigarria dela Nafarroako oraina eta etorkizunerako, bai aukera berdintasunean duen eraginagatik bai gizarte kohesioarekin eta lurraldearen orekarekin duen harreman zuzenagatik ere. Horregatik, Federazioak berretsi egin du toki-erakundeak laguntzen jarraitzeko asmoa proposamen erabilgarriak eginez eta babes teknikoa emanez.