2026ko abuztuak 6

NUKFk harrera egin die Oporrak Bakean programaren bidez Nafarroara uda igarotzera etorritako saharar haurrei

Toki-erakundeek saharar herriarekin duten konpromisoa nabarmendu du Alcuazek, eta "irtenbide justua, iraunkorra eta nazioarteko zuzenbidea errespetatuko duena" eskatu du

Foto noticia

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKF) gaur, ostegunarekin, bere egoitzan hartu ditu Oporrak Bakean programaren barruan Nafarroara uda igarotzera etorritako 32 haur saharar, beren harrera-familiak eta Saharako Ordezkaritzako zein ANAS Sahararen Lagunen Nafarroako Elkarteko ordezkariak.

NUKFko lehendakari Xabier Alcuazek ongietorria eman die Nafarroako toki-erakundeen izenean, eta urtero Saharako herriarekin elkartasunez eta lankidetzan laguntzen aritzen diren familiek, antolakundeek eta pertsonek egindako lana eskertu du. Alcuazekin batera bertan izan dira Hamdi Aomar Ahmed, RASD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren ordezkaria Nafarroan; Mohamed Gailani ordezkariordea; eta Carol García ANAS Sahararen Lagunen Nafarroako Elkarteko ordezkaria.

Alcuazek emandako hitzaldian, harrera-familien funtsezko zeregina aintzatetsi du, urtero udan beren etxeak zabaldu eta denbora, maitasuna eta eguneroko bizitza programan parte hartzen duten haurrekin partekatzen dutelako. Nabarmendu du, gainera, egonaldi horiei esker, adin txikikoek atsedenerako, bizikidetzarako eta esperientzia berrietarako aste batzuk dituztela, baina, era berean, Nafarroan saharar herriarekiko lotura bizirik mantentzen laguntzen dutela.

NUKFko lehendakariak gogoan izan duenez, Nafarroako toki-erakundeak “beti egon dira saharar herriaren ondoan, bere kausari eta eskubideei babesa erakutsiz”, eta berriro ere adierazi du ezinbestekoa dela “irtenbide justua eta iraunkorra” lortzea, Nazio Batuen ebazpenak eta nazioarteko legea beteko dituena. “Irtenbide horrek haur hauei duintasunez, bakean eta aukerekin hazteko duten eskubidea bermatu behar die. Haur hauek gaur, hemen, egoteak Saharak etorkizuna baduela gogora ekartzen digu” defendatu du.

RASD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren Nafarroako ordezkari Hamdi Aomar Ahmedek aldiz, NUKFren harrera eta elkartasun konpromisoa eskertu ditu. Nabarmendu du Oporrak Bakean bidaia bat baino askoz gehiago dela, haurrei arreta medikoa jasotzeko, elikadura osasungarria edukitzeko eta kanpalekuena ez den beste errealitate bat ezagutzeko aukera ematen dielako. “Esperientzia berriekin bueltatzen dira, eta ziurtasunez jakinda ez daudela bakarrik eta beren etorkizunean sinisten duten lagunak dituztela”, adierazi du.

Azkenik, Carol García ANAS elkarteko ordezkariak benetan eskertu du Nafarroako familien harrera, beren egunerokoa partekatzen dutelako eta adin txikikoei parkeak eta igerilekuak bezalako eremuak zabaltzen dizkietelako. Garciak aintzat hartu du programak eskaintzen duen aukera aldi baterako haurrak tenperatura altuetatik aldentzeko, eta osasun-azterketak egiteko, eta haurrei dei egin die beren harrera-familiak beti gogoratzeko: “Sahara aske denean, oroit zaitezte harrera-familiez, beti bihotzetan eramango zaituztetelako”

Ekitaldiaren amaieran, erakundearen egoitzara egindako bisitaren oroigarri gisa, NUKFk haur bakoitzari motxila bat eman dio material didaktikoarekin eta abuztuaren 12an izango den eklipsea ikusteko betaurreko homologatuekin.

Toki-erakundeen laguntza.

Gaurko harrera-ekitaldia Nafarroako toki-erakundeek saharar herriari erakutsitako babesaren parte da, eta babes hori bestelako lankidetzako eta elkartasuneko jarduketetan ere islatzen da. Aurten, esaterako, NUKFk 2.000 euroko ekarpena egin du Nafarroan Oporrak Bakean programan parte hartzen duten haurren bidaiak finantzatzen laguntzeko.

Laguntza hori Nafarroako toki-erakundeek, NUKFk kudeaturiko Nafarroako Garapen Lankidetzako Toki Funtsaren bidez, saharar errefuxiatuekin duten konpromisoari batzen zaio. Funts horren bidez, urtero 30.000 euroko nazioarteko lankidetza proiektu bat finantzatzen da Saharako kanpalekuetan.

Aurten hautaturiko proiektuak saharar errefuxiatuen kanpalekuetan ura eta elikagaiak banatzeko eta hondakinak biltzeko sistema hobetzea eta optimizatzea du helburu, eta horren bidez, oinarrizko zerbitzuak bermatzea eta herritarren bizi-baldintzak hobetzea.

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Volver arriba