NUKFk gaitzespenik irmoena adierazi du Arguedasen gertaturiko ustezko hilketa matxistagatik eta babesa helarazi die Udalari eta biktimaren familiari
Federazioak herritarrei dei egiten die emakumeenganako indarkeriaren kontrako mobilizazioekin bat egin dezaten.

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKFk) gaitzespenik irmoena adierazi du, gaur Arguedasen gertaturiko ustezko hilketa matxistagatik, eta elkartasuna, babesa eta hurbiltasuna helarazi dizkie biktimaren familiari eta ingurukoei, momentu benetan samin honetan.
Federazioak, halaber, babes instituzionala helarazi nahi die Arguedasko Udalari, bertako udalbatzari eta udalerriko herritar guztiei, tamaina horretako zorigaiztoko gertaera batek komunitate osoan duen eragina dela eta.
Era berean, NUKFk emakumeenganako edozein motatako indarkeriaren kontrako erabateko gaitzespena berresten du, eta gogora ekarri nahi du ezinbestekoa dela erakundeen eta gizartearen esparru guztietatik lanean jarraitzea, indarkeria matxistarik gabeko gizarte libre baterantz aurrera egiteko. Hori horrela, herritarrekiko hurbiltasunarekin eta zuzeneko arretarekin loturik toki-erakundeek duten funtsezko egitekoa ere nabarmendu nahi du.
Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin (NABI) eta berdintasuneko udal teknikariekin adostutako jardute-protokoloari jarraikiz, NUKFk toki-erakundeei helaraziko die Arguedasko Udalak onetsitako gaitzespen adierazpena, hala erabakiz gero, idatziarekin bat egin dezaten.
Azkenik, NUKFk toki-erakundeei eta herritarrei dei egiten die gaitzespena eta elkartasuna adierazteko, eta berdintasunean, errespetuan eta elkarbizitzan oinarrituriko gizarte baten alde egiteko deituak diren elkarretaratze eta mobilizazioekin bat egin dezaten.
