Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKFk) gosari informatibo bat egin du hedabideekin azken Batzarraren ondoren. Bertan, Federazioko lehendakari Xabier Alcuazek azpimarratu nahi izan du erakundeak “urte garrantzitsua” duela aurrez aurre eta toki esparruaren interesen defentsa indartuko duela bai eta toki-erakunde guztiei, handi nahiz txikiei, hirikoei nahiz landa ingurunekoei, zuzenduriko “hurbileko laguntza baliagarria” indartu ere.
Bere mintzaldian, Alcuazek nabarmendu du NUKFri udal eragin handiko erronkez josita datorkiola 2026. urtea eta azpimarra berezia jarri dio etxebizitzari. Gainera, toki politika eta hori gauzatzen duten pertsonak balioesteko beharra aldarrikatu du.
Lehendakariak hiru mugarri erabili ditu 2025. urtea laburbiltzeko: «lurraldeari entzutea, guztiena dena defendatzea eta lurraldearen orekan eta berdintasunean aurrera egitea».
Despopulazioari dagokionez, NUKFk Nafarroa osoan bultzaturiko parte-hartze prozesua gogoan izan du. Bertan, 113 toki-erakundetako 162 hautetsik parte hartu zuten eta 74 neurri proposatu zituzten erronka demografikoari aurre egiteko. Alcuazek nabarmendu du neurri horiek etorkizunerako “ibilbide-orri” bihurtu direla eta Despopulazioari eta Landa Garapenari buruzko Lege “anbiziotsua, transbertsala eta baliabideak dituena” eskatu du.
Ondare publikoa eta herrikoa defendatzeari helduta, Alcuazek adierazi du eutsi egingo diotela Elizak immatrikulaturiko herri ondasunei buruz Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarekin batera egindako lanari. Azaldu duenaren arabera, 152 toki-erakundek bat egin dute hitzarmenarekin eta 26tan dagoeneko ikerketa amaitu da. Zain gelditu diren udalerrietan lanarekin jarraitze aldera eta toki-erakundeei erabakiak hartzen laguntzeko, hitzarmena berritzeko konpromisoa adierazi du.
Azkenik, berdintasunaren arloan, lehendakariak adierazi du berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren kontrako toki-erakundeen sareari benetako forma emateko urtea izan behar duela 2026a. NABIrekin eta berdintasun teknikariekin lankidetzan, sarearen egitura, araubidea eta jarduketa-plana zehazteko lanari helduko diote, Sarea baliabideak, prestakuntza, esperientzien trukea eta toki konpromisoa ikusarazteko gaitasuna duen tresna izateko helburuz.
Etxebizitza, lehentasunezko erronka
Alcuazek, gainera, etxebizitza jarri du Nafarroako toki-erakundeetan kezka handiena sortzen duten erronken artean eta NUKFk “arreta berezia” eskainiko dio aurten. Izan ere, banakako arazoa izateaz gain, gizarte eta lurralde kohesioko arazoa ere badelako eta aukera berdintasuneko arazoa, eta landa ingurunearen kasuan biziraupen demografikorako arazoa ere bai.
Testuinguru horretan, aditzera eman du Federazioak toki-erakundeei laguntza emango diela udal eskumenak ukitzen dituzten arau-aldaketa garrantzitsuen aurrean (eremu tentsionatuak, hutsik dauden etxebizitzen araudia eta birgaitzeak egiteko betekizunak) eta ikerketak eta tresnak bultzatuko dituela etxebizitza hutsak mobilizatzeko eta prestakuntza sustatzeko. Besteak beste, Federazioak etxebizitza hutsak zergapetzeko ordenantza eredu bat egingo du, zerga hori aplikatu nahi duten udalek oinarri bat izan dezaten.
Udalgintza eta tokiko politika defendatzea
Amaitzeko, Federazioko lehendakariak udal politikaren egitekoa aldarrikatu du “etengabeko zarataren, polarizazioaren eta susmo orokortuaren” aurrean. Eta nabarmendu du hautetsi gehienek haien denbora eta ahalegina herritarren bizitza hobetzera eskaintzen dutela “baliabide gutxirekin eta izugarrizko presioarekin askotan”.
Ildo beretik, adierazi du 2026an NUKFk toki politika eta hori gauzatzen duten pertsonak defendatuko dituela, jardunbide egokiak ikusaraziz eta toki udalbatzen eguneroko lanari aholkularitza juridikoaren, prestakuntzaren eta erakunde-babesaren bidez laguntza emanez.