2026ko maiatzak 4

NUKFk eta KUNAk lankidetza protokoloa berritu dute Nafarroako toki esparruan kultur kudeaketa sustatzeko

Akordioak lau urteko iraupena du eta baterako lan-esparru bat ezartzen du udaletako kultur politikak hobetzeko, toki-erakundeentzako aholkularitza teknikoa indartzeko, eta prestakuntza ekintzak eta proiektu pilotuak sustatzeko

Foto noticia

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKF) eta KUNA Nafarroako Kultur Kudeaketa elkarteak haien arteko lankidetza protokoloa berritu dute, Nafarroako toki-erakundeen eta kultur kudeaketaren profesionalen kidegoaren arteko lankidetza indartzeko helburuarekin, eta udal esparruan kultur kudeaketa hobetzeko jomuga dutela. NUKFko lehendakari Xabier Alcuaz Anduezak eta KUNAko lehendakari Ángel García Carreñok formalizatu dute akordioa.

Bi erakundeen interesak bat etortzea izan da protokoloaren abiapuntua. NUKFk, batetik, Nafarroako toki-erakundeen ordezkari gisa, lanean dihardu toki autonomiaren defentsaren alde, udal interesak ordezkatzen eta udal eta kontzejuei zerbitzuak ematen. Eta KUNAk, bestetik, Nafarroako kultur kudeaketako profesionalak biltzen ditu, eta bere helburuen artean ditu sektorea indartzea, kultur politikak hobetzea, etengabeko prestakuntza sustatzea eta herritarrek kultura eskuragarri izan dezaten ahalbidetzea.

Amankomuneko oinarri horretatik abiaturik, protokoloak xede du lankidetza esparru orokor bat ezartzea Nafarroako toki esparruan kultur kudeaketaren hobekuntza sustatzeko. Aurreikusitako lan-ildo nagusien artean daude, besteak beste, tokiko kultur politikak hobetzea, kulturako udal zerbitzuetan jardunbide onak aztertzea eta sustatzea, toki-erakundeentzako aholkularitza eskaintzea, hautapen-prozesuetarako eta udal kultur kudeaketako profesionalaren profila definitzeko lankidetza eta udal kultur politikei buruzko hausnarketa-foro eta guneetan parte-hartzea.

Horretaz gain, bi erakundeek adostu dute, urtero, lankidetzarako hiru esparru lehenestea: toki-erakundeetako kultur teknikariei zuzenduriko prestakuntza ekintzak antolatzea, hala eskatzen duten toki-erakundeei aholkularitza teknikoa ematea, eta udal kultur kudeaketa hobetzeko proiektu pilotuak edo ekimenak egitea.

Protokoloak, halaber, lankidetzarako zenbait printzipio jasotzen ditu, hala nola, protokoloa erakunde interesdunen artean zabaltzea, elkarrekin ekimenak eta proiektuak sustatzea, kultur politiken arloan pisuzko informazioa trukatzea eta lankidetza teknikoa sektorea indartzen lagunduko duten prestakuntza ekintzak, ikerketak eta proiektuak egiteko. Era berean, bi aldeek konpromisoa hartzen dute akordioaren barruan egindako ekintzei ikusgarritasuna emateko.

Protokoloari jarraipena egiteko, lankidetza operatiborako talde bat eratuko da bi erakundeek izendatutako kideekin; taldeak aldian-aldian komunikatzeaz gain, urtean bi bilkura egingo ditu gutxienez. Horretaz gain, egindako jarduketak jardueren erregistro partekatu batean bilduko dira, eta horri esker, egindako lanari errazago egin ahalko zaio jarraipena eta oroitidazkiak edo proposamen berriak egitea ere errazagoa izango da.

Protokoloak lau urteko iraupena izango du izenpetzen den unetik aurrera. Bi urte igaro ondoren, NUKFk eta KUNAk erdibideko berrikuspen tekniko bat egin ahalko dute, lankidetzako lehentasunak doitzeko. Indarraldiko lau urteak igarotzen direnean, protokoloa berritu ahalko da bi aldeek hala erabakita.

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Volver arriba