2026ko apirilak 29

NUKFk eta Iruñeko Udalak Garapen Lankidetzarako Toki Funtsean duten lankidetza berretsi dute

Bi erakundeek izenpeturiko hitzarmenaren bidez, Udalak 44.000 euroko ekarpena egingo dio lankidetzako programari

Foto noticia

Iruñeko Udalak 44.000 euro emango dizkio, aurten, 2026ko Nafarroako Garapen Lankidetzako Toki Funtsari. Horrela formalizatu dute Udalak eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izenpeturiko hitzarmen baten bidez. Udalak emango duen zenbatekoa aurten funtsak duen aurrekontuaren % 13,75 izango da. 2024an, 127 toki-erakundek bat egin zuten funtsarekin.

Mikel Armendáriz Barnechea Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako zinegotzi ordezkariak eta Xabier Alcuaz Andueza Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakariak berretsi dute Garapen bidean dauden herrialdeetan Gobernuz Kanpoko Erakundeen (GKEen) bidez lankidetza proiektuak finantzatzea xede duen funtsari babesa emateko ekimena.

Funtsa 1998an sortu zuen NUKFk Nafarroako toki-erakunde guztiei aukera eskaintzeko kutxa amankomun batean jarri nahi dituzten baliabideak batera kudeatzeko, nazioarteko garapen lankidetzako programa bakar batean, ekarpen horiek asmo handiagokoak, koordinatuak eta eraginkorrak izan daitezen. Iruñak funtsa sortu zenetik parte hartzen du ekimenean, Garapen Lankidetzako Udal Programaren bidez, bai funtsaren zuzkiduran bai bi erakundeen arteko koordinatzeko eta partekatzeko jardueretan ere.

2024ko deialdian, 13 proiektu finantzatu ziren. 2026an gauzatzen den 2025eko deialdiari esker berriz, bederatzi proiektu finantzatuko dira, guztira 246.557,62 eurorekin. Proiektu horietaz gain, Nafarroako saharar ordezkaritzarekin izenpeturiko hitzarmenaren barruan dagoen proiektua ere sustatuko da, 30.000 euroko zuzkidurarekin, bai eta Medicus Mundiren 2024-2026 aldiko hiru urteko proiektua ere, zeinak aurten 35.000 euroko ekarpena izango duen. Hautaturiko ekimenak Ugandan, Kongoko Errepublika Demokratikoan, Sierra Leonan, Ginea Bissaun, Boli Kostan, Angolan, Aljerian eta Ruandan egingo dira.

Proiektuez gain, Funtsak 9.000 euroko laguntza ematen dio Nafarroako GGKEen Koordinakundeari sentsibilizazio eta koordinazio lanak egiteko. Hori horrela, guztira 320.557 eurokoa da gastua.

Iruñeko Udalak aintzat hartzen du, bereziki, Funtsaren interes soziala, proiektuek Giza Garapen Indize (GGI) txikiena duten herrialdetako komunitateen oinarrizko beharrak baitituzte ardatz (osasuna, hezkuntza, ur-hornidura eta saneamendua eta abar). Hori horrela, funtsaren filosofia Iruñeko Udalak nazioarteko garapen lankidetzaren arloan dituen lan-ildoen osagarria da. NUKFren nazioarteko lankidetza sistema berriz, tokiko eskumenei babesa ematen die eta egindako ekintzak ahalik eta eraginkorragoak izateko ahaleginak batzea du oinarri.

NAFARROAKO GARAPEN LANKIDETZAKO TOKI FUNTSAREN PRINTZIPIOAK

  • Garapenerako lankidetzaren azken funtsa da ekonomikoki egoera txarrean dauden herrialdeetako biztanleekiko elkartasuna, eta horiekin gizarte- eta ekonomia-trukaketa gauzatzea.
  • Lankidetza horrek zuzenean edo zeharka lagundu behar du eremu hartzaileen garapen sozial eta ekonomiko endogenoa garatzen, ahal den neurrian tokian tokiko giza baliabideak bultzatuz.
  •  Funtsak finantzatuko dituen jarduerak herritarren oinarri-oinarrizko premiak asetzera bideratu behar dira.
  • Toki-erakundeek sortutako funtsa izanik, funts horrek bereziki finantzatuko ditu udalek berezkoak dituzten eskumenekin lotutako ekintzak, besteak beste
    • Udalek berezkoak dituzten eskumenen barruan azpiegiturak eraikitzea, eta horien artean bereziki edateko ura eta hondakin-uren saneamendua.
    • Azpiegiturak edo ondasunak eraiki edo hornitu, eta oinarrizko osasunerako edo oinarrizko hezkuntzarako zerbitzuak mantendu.
    • Herritarren jardun ekonomikoa sustatzera bideratutako ekintzak sustatu, herritar horien premiak betetze aldera.

 

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Volver arriba