2026ko ekainak 11

NUKFk eta GGKEn Koordinakundeak hitzarmena berritu dute toki-erakundeetan garapenerako lankidetza sustatzeko

Federazioak 9.000 euroko ekarpena egingo du toki-erakundeek prestakuntza, tresnak eta laguntza teknikoa eskura ditzaten, beren lankidetzako eta elkartasuneko politikak sendotzeko

Foto noticia

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKF) eta Nafarroako Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundeak (CONGDN) lankidetza hitzarmena berritu dute, 2026an ere toki-erakundeei zuzenduriko nazioarteko lankidetzaren arloko sentsibilizazio, informazio, prestakuntza eta aholkularitza jarduerak egiteko.

NUKFko lehendakari Xabier Alcuazek eta Nafarroako GGKEn Koordinakundeko lehendakari Octavio Romanok izenpeturiko akordioak jarraitasuna ematen dio bi erakundeen artean egonkortutako lankidetzari, eta helburu du garapenerako lankidetza eta nazioarteko elkartasuna Nafarroako udal eta kontzejuei hurbiltzea.

Nafarroako GGKEen Koordinakundea, 48 erakundek osatzen dutena, hainbat jarduketa egingo ditu toki-erakundeei baliabideak, informazioa eta laguntza teknikoa emateko. Besteak beste, honako jarduera hauek egingo ditu: Hezkuntza eta Sentikortze Baliabideen Katalogoa eguneratzea eta zabaltzea; garapenerako lankidetza eta hezkuntza sustatzeko dirulaguntzen gida egitea; toki-erakundeei zuzenduriko informazio-buletinak egitea; eta Nafarroako udalek sustaturiko dirulaguntza deialdiei eta ebazpenei buruzko informazioa zabaltzea.

Era berean, hitzarmenaren barruan jasotzen da toki-erakundeei aholkularitza ematea garapen lankidetzaren eta larrialdiko laguntzaren arloan, bai eta gida praktiko bat egitea toki esparruan garapen jasangarriaren eta elkartasun globalaren arloko dirulaguntzak eta laguntzak arautzen dituen estatuko errege dekretu berria aplikatzeko.

Akordioak, halaber, migrazioekin eta aterpearekin lotutako berariazko jarduketak barne hartzen ditu. Horrekin loturik, Koordinakundeak laguntza eta informazioa eskainiko die toki-erakundeei eta buletin monografiko bat egingo du errefuxiatuen inguruan eta Nafarroako GGKEk arlo horretan egiten duten lanaren inguruan.

Jarduketa horiek guztiak egiteko, NUKFk 9.000 euroko ekarpena egingo du jarduketak egin ahal izateko beharrezkoak diren antolakuntzari eta langileriari lotutako kostuak zati batean finantzatzeko. Koordinakundearekiko lankidetza horri esker, udal eta kontzejuen laguntza teknikoa eta sentsibilizatzeko gaitasuna indartuko da, eta Nafarroako herritarrei elkartasunaren, justizia globalaren eta lankidetzaren balioak hurbildu ahalko zaizkio.

Garapen Lankidetzako Toki Funtsa

Hitzarmena berritzearekin, NUKFk eutsi egiten dio nazioarteko lankidetzarekin eta giza garapen jasangarriarekin duen konpromisoari. Egiteko hori Nafarroako Garapen Lankidetzako Toki Funtsaren bitartez bideratzen du nagusiki, zeina Nafarroako ehun toki-erakunde baino gehiagoren ekarpen boluntarioak biltzen baititu.

Zehazki, 2026an gauzatzen den 2025eko deialdiari esker, bederatzi proiektu finantzatuko dira, guztira 246.557,62 eurorekin. Proiektu horietaz gain, Nafarroako saharar ordezkaritzarekin izenpeturiko hitzarmenaren barruan dagoen proiektua ere sustatuko da, 30.000 euroko zuzkidurarekin, bai eta Medicus Mundiren 2024-2026 aldiko hiru urteko proiektua ere, zeinak aurten 35.000 euroko ekarpena izango duen. Hori horrela, 320.557,62 eurokoa da nazioarteko lankidetzarako aurreikusitako gastua guztira.

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Volver arriba