NUKFk eta Euskaltzaindiak hitzarmena izenpetu dute euskararen alorrean toki entitateei laguntza teknikoa emateko
Euskaltzaindiak baliabide nahikorik ez duten toki entitateei aholkularitza, prestakuntza eta laguntza teknikoa emango die. Izen toponimikoei buruzko zerbitzu bat ere abian jarriko da

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur goizean toki entitateei euskararen alorreko laguntza teknikoa emateko, bereziki, baliabide nahikorik ez dutenei. Hitzarmena Juan Carlos Castillo Federazioko lehendakariak eta Andrés Urrutia Euskaltzaindiakoak izenpetu dute. Ekitaldian izan da, halaber, Sagrario Alemán Astitz Euskaltzaindiako ordezkaria Nafarroan.
Hemendik aurrera, Euskaltzaindiak udal teknikariei ere prestakuntza eskaintza zabaldu egiten die euskaraz argitaratutako testuen kalitatea eta ulergarritasuna hobetzeko eta tokiko toponimiarekin eta hizkerarekin lotutako ikerlanekin eta proiektuekin, eta mendien, poligonoen, kaleen eta abarren izendapen zuzenarekin laguntzeko.
Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak bazkide dituen toki entitateei hitzarmenaren edukia jakinaraziko die eta toki entitateek dituzten kontsultak koordinatuko ditu. Era berean, hitzarmenak xede dituen helburuak erdiesteko arlo horretan eskumena duten gainontzeko erakundeekin lankidetza aurreikusia dago bai eta, bereziki, Nafarroako Gobernuarekin ere.