2025eko maiatzak 13

NUKFk Elizak immatrikulaturiko herri-ondasunen inguruko ikerketa koordinatzen ari da 123 toki-erakunderen atxikimenduarekin

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak herri-ondarearen defentsarekiko konpromisoa berretsi eta arlo horretan eginiko jarduketen berri eman du. Hala nahi duten toki-erakundeek oraindik ere egin dezakete bat prozedurarekin

Foto noticia

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKFk) prentsaurrekoa eman du gaur goizean, Eliza Katolikoak Nafarroan immatrikulaturiko ondasunekin loturik Nafarroako Gobernuarekin eta toki-erakundeekin lankidetzan esku artean dituen lanen berri emateko.

NUKFko lehendakari Xabier Alcuazek gogoan izan du ekimen hori joan den legealdian egindako lanaren jarraipena dela. Orduan, Federazioak aholkularitza juridikoa eta informazioa eman zien jada, immatrikulaturiko herri-ondasunen balizko galeraren inguruan kezka azaldu zuten Nafarroako udal eta kontzejuei.

Honako legealdi honetan aldiz, urrats bat gehiago eman dute iaz, urte amaieran, NUKFk eta Nafarroako Gobernuak izenpeturiko hitzarmenarekin. Hain zuzen ere, akordioak 50.000 euroko diru-partida du Nafarroako Aurrekontu Orokorretan, 2.952 immatrikulazio biltzen dituen Foru Exekutiboak osaturiko zerrendako herri-ondasunen ikerketa tekniko zorrotza egin ahal izateko.

“Udal artxiboetan ondarearen ikerketa historikoa egiten ari dira, Eliza Katolikoak immatrikulaturiko balizko ondasunak herri-ondasunak direla ahalik eta oinarri juridiko handienarekin dokumentatu eta ziurtatu ahal izateko”, hala adierazi du Alcuazek.

Hitzarmenak horri atxikitzen zaizkion toki-erakundeei mugatuko du bere jardute-esparrua eta dokumentazio-lan historiko eta erregistral sakona egitea barne hartzen du immatrikulaturiko ondasunen artean herri-ondasunak dauden erabakitzeko.

123 toki-erakunde atxikita

Hitzarmena izenpetu zenetik, NUKFk informazio eta zabaltze lanetan aritu da eta, horri esker, 123 toki-erakundek bat egin dute hitzarmenarekin. Federazioak gogoratu nahi izan du atxiki ez diren toki-erakundeek edozein momentutan bat egin dezaketela, hitzarmena indarrean den bitartean.

Hitzarmenaren barruan, hautaketa-irizpide tekniko batzuk ezarri dituzte lanak zein udalerritan hasiko dituzten lehenesteko. Irizpide horiei jarraiki, lehentasuna izango dute honako baldintzak betetzen dituzten toki-erakundeek: ondasunak katastroan identifikaturik eta geolokalizaturik izatea; ikerketa erraztuko duten inbentarioak, artxiboak edo dokumentu-baseak edukitzea; eta Nafarroako Gobernuko hasierako zerrendan ondasun kopuru handiagoa izatea.

Ikerketa lanak Agoitzen hasi dira dagoeneko, zazpi ondasunen egoera aztertu dutelarik. Datozen egunetan, Arrietako Kontzejuan hasteko asmoa dute eta, pixkanaka, atxikitako gainontzeko udalerriekin jarraitzea da asmoa, ezarritako ordenan.

Tokiko eta herri-ondarearen defentsa

Hitzarmena 2025eko ekainaren 30a bitartean indarrean dagoen arren,  lanaren bolumena eta toki-erakundeek adierazitako interesa ikusita, NUKFk epea luzatzea eskatu du hitzarmenak aurreikusten duen moduan.

Alcuazek gainera, NUKFk Nafarroako herri-ondasunak defendatzeko harturiko konpromiso irmoa berretsi du.  “Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazio honek interes publikoa eta herri-ondarea defendatzeko duen konpromisoa berresten dugu.  Izan ere, gure foru legediari jarraiki, herri-ondarea besterenezina, preskribaezina eta bahiezina baita eta, beraz, Nafarroako herriena eta kontzejuena da eta haien eskuetan egon behar du”, argudiatu du NUKFko lehendakariak.

NOTICIAS RELACIONADAS

Volver arriba