Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakari Xabier Alcuazek MarĂa Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakariari eman dio toki-erakundeek despopulazioari aurre egiteko egindako proposamenak jasotzen dituen dokumentua.
Bilkuran, lehendakariak Alcuazek eramandako idatzia eskertu du eta azken horrek parte-hartze prozesuaren inguruan adierazi duenez “toki-erakundeek beren lurraldearekin eta beren jendearekin duten konpromisoaren eta inplikazioaren erakusgarri onena da”. Biak ala biak ados agertu dira toki esparruaren kezka nagusietakoa den despopulazioaren erronkari irmoki eta zeharkako ikuspegi batetik aurre egiteak duen garrantziaren inguruan.
Alcuaz, toki-erakundeek egindako proposamenak kontuan hartuko direlakoan dago, ez soilik etorkizuneko Despopulazioari buruzko Foru Legerako baita aurrerantzean Nafarroako Gobernuak toki esparruarekin lotuta egin ditzakeen araudi, plan eta jarduketetan ere.
Alcuazek argudiatu duenez, “parte-hartzetik eta erakundeen arteko lankidetzatik abiaturik eta lurraldean bizi eta lurraldea kudeatzen dutenen ahotsa errespetatuz bakarrik egin ahal izango dugu aurrera gure udalerri guztientzat benetako aukerak eskainiko dituen lurralde garapen jasangarri eta orekatu baterantz”.
Prozesu parte-hartzailea
Gobernuari gaur emaniko testuak 162 toki-erakundetako 113 hautetsiren parte-hartzea izan du eskualdez eskualde Ariben, Donezteben, Irurtzunen, Arangurenen, Allon, Irunberrin eta Garesen egindako zazpi bilkuren bidez. Prozesu horretatik abiaturik, txosten batean bildu dira zazpi printzipio gidari eta 74 proposamen zehatz bost lan-arlotan banaturik: Zerbitzuak; Ekonomia eta Enplegua; Finantzaketa eta Fiskalitatea; Mugikortasuna eta Komunikazioak; eta Etxebizitza.
Azken hogeita hamar urtetan, Nafarroako populazioak %27 egin du gora baina udalerrien erdiek baino gehiagok, %56k, biztanleak galdu ditu. Egun, 174 udalerri (guztizkoaren % 64) despopulazio arriskuan daude Pirinioetan, Pirinioaurrean, Zangozerrian eta Estellerrian batez ere.
Bilkuran, Chivite lehendakariarekin eta Xabier Alcuazekin batera izan dira Ă“scar Chivite Lurralde Kohesiorako kontseilaria eta JesĂşs MarĂa RodrĂguez Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia. NUKFtik, Alcuaz lehendakariarekin Berta Enrique erakundeko idazkari nagusia egon da.