2025eko abuztuak 5

NUKFk berdintasuneko ikastaroen beste edizio bat eskaintzen du hautetsientzat; lehen aldiz euskaraz ere bai

Bi ikastaroak online egingo dira irailaren 15a eta urriaren 19a bitartean, 10 orduko iraupenarekin

Foto noticia

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKFk) berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren arloko oinarrizko ikastaroen beste edizio bat kaleratu du hautetsientzat. Bi ikastaroak online egingo dira irailaren 15a eta urriaren 19a bitartean. Berritasun gisa, lehen aldiz euskaraz ere eskainiko dira ikastaroak.

Bi prestakuntza horiek NABI Nafarroako Berdintasunerako Institutuak eta NUKFk izenpeturiko hitzarmenaren barruan egindako ekimena dira. Izan ere hitzarmenak helburu baitu toki esparruan emakumeen eta gizonen arteko berdintasun politikak sendotzea eta toki-erakundeetan berdintasunaren printzipioa aplikatzen laguntzeko sare-lana sustatzea. Guztira, 56 hautetsik (47 emakumek eta 9 gizonek) hartu zuten parte aurten, martxoan eta ekainean, izandako ikastaro horien bi edizioetan.

Tokiko lanari egokituriko edukiak

Ikastaroak oinarrizko prestakuntza praktikoa eskaintzeko pentsatuak daude eta toki-erakundeetako errealitateari egokituriko prestakuntza eskaintzeko; berdintasun arloko teknikaririk ez duten toki-erakundeei arreta berezia eskainita.

Politika publikoetan berdintasuna eta genero ikuspegia jorratzeko oinarrizko ikastaroak, besteak beste, honakoak lantzen ditu: genero desberdinkeriei buruzko funtsezko kontzeptuak, indarreko arau-esparrua, berdintasuneko toki politikak diseinatzeko tresnak eta genero ikuspegia udal politika sektorialetan txertatzeko estrategiak.

Genero indarkeriari buruzko oinarrizko ikastaroak aldiz, sakonean lantzen ditu indarkeria matxistak, kasuen hautematea, jarduteko eta koordinatzeko protokoloak Nafarroan eta toki-erakundeek prebentzioan eta indarkeria kasuetan erantzuteko izan dezaketen zeregina; Estatu Itunaren eta beste ekimen batzuen barruan betiere.

Bi ikastaroek 10 orduko iraupena dute, online izango dira eta amaierako ebaluazio-azterketa bat dute. Izen-emateak NUKFren web-orriaren bidez egin daitezke irailaren 15a bitartean.

Argazkian, Xabier Alcuaz, NUKFko lehendakaria, eta Patricia Abad, NABIko zuzendaria, lan bilera batean.

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Volver arriba